Kazetarien hilketak

Beriainen gorpua Euskal Herrian dago, eta gaur egingo dute hileta elizkizuna

Atzo goizean heldu ziren Madrilera aste hasieran Burkina Fason hildakoen gorpuak. Fraile Espainian ehortziko dute, amaren herrian. Haiekin batera, Rory Young ekintzaile ekologista irlandarraren gorpua ere eraman dute Madrilera.

Espainiako militarrak hildakoen zerraldoak eramaten, gaur goizean, Madrilen. FERNANDO VILLAR / EFE
2021eko apirilaren 30a
10:12
Entzun

Espero baino beranduago, 22:00etan iritsi zen atzo David Beriain kazetariaren gorpua Euskal Herrira. Ehun bat lagunek txalo artean hartu dute Artaxoan (Nafarroa). Iratxe beilatokira eraman zuten zuzenean. Han da hil kapera, eta gaur, 18:00etan, hileta elizkizuna egingo dute Urraka Erregina herriko ikastetxean. Goizean emango diote lur, familiartean.

Atzo goizean eraman zituizten haren gorpua eta Roberto Frailerena Burkina Fasotik Espainiara, Rory Young ekintzaile ekologista irlandarraren gorpuarekin batera, eta Madrilen autopsia egin diete.

Roberto Fraileren gorpua, berriz, Espainian utziko dute. Gurasoak Valladoliden bizi dira, eta hiri horretan jarriko dute hil kapera. Ehortzi, berriz, amaren herrian ehortziko dute: Valdespino Ceron (Leon). Barakaldokoa zen Fraile, baina udak amaren herrian igarotzen zituen, eta Salamancan bizi zen gaur egun, emaztearekin eta bi semeekin.

Senideak eta agintariak, Madrilen

Espainiako Armadako hegazkin batean eraman zituzten atzo goizean Madrilera aste hasieran Burkina Fason hil zituzten David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetarien eta Rory Young ekintzaile ekologista irlandarraren gorpuak. Torrejon de Ardoz base militarrean lurreratu zen hegazkina, eta autopsia egin diete ondoren.

Senideek hartu zituzten han. Harrera ekitaldian zeuden, gainera, Espainiako Atzerri Ministro Arantxa Gonzalez Laya eta Defentsako arduradun Margarita Robles, eta Irlandak Espainian duen enbaxadore Sile Maguire.

Uagadugutik atera zen atzo hegazkina. Madrilen lurreratu ondoren, autopsia egitera eraman zituzten gorpuak.

Gertatutakoa ikertzen

Bi kazetariak eta ekologista dokumental bat egiten ari ziren gobernuz kanpoko erakunde batekin, Burkina Fasoko parke naturaletako isilpeko ehizari buruz. Biak 40 bat laguneko talde batean zihoazen, eta, Burkina Fasoko agintarien arabera, gizon armatuen talde batek eraso zien. Talde islamista batek hartu ditu bere gain erasoa eta hilketak.

Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, erabili zituzten baliabideak ikusita, «talde jihadistei» egotzi dizkie hilketak. «Erasotzaileak ez ziren trafikatzaileak edo isilpeko ehiztariak izan», ebatzi dute. Azaldu dutenez, hasieran, «Burkina Fasoko segurtasun indarrek lortu zuten erasoari aurre egitea, baina gero gainditu egin zituen erasotzaileen su indarrak». Gaineratu dutenez, bi kazetariak une oro «zuhurtziaz» aritu ziren, «eta horren erakusgarri da isilpeko ehizaren aurka aritzen den Burkina Fasoko unitate batekin zihoazela».

Gertatutakoa argitze aldera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak diligentzia informatiboak zabaldu ditu. Fiskaltzak bildutako datuekin kausa bat irekitzea susta dezake, «ustezko terrorismo delitu batengatik».

Gatazka guneetan zaildutako kazetariak ziren Beriain eta Fraile, azken urteetan bidelagun izandakoak. Haiek ezagutu zituzten Mikel Aiestaran eta Mikel Reparazek, eta nolako kazetariak ziren azaldu zuten BERRIAn.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.