Israel

Gutxienez 44 pertsona hil dira zapalduta erlijio jaialdi batean

Dozenaka mila judu ortodoxo bildu dira Maron mendiaren magalean, izurria hasi zenetik herrialdean eginiko ekitaldirik jendetsuenean.

Polzia eta larrialdi taldeetako kideak gorpuak aztertzen. DAVID COHEN / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 30a
07:57
Entzun

Gutxienez 44 pertsona hil dira eta 150 inguru zauritu Israelgo ipar-ekialdean gauean egin den erlijio ekitaldi batean. Meron mendiaren magalean milaka pertsona baturik zeuden, Lag B'Omer jaialdirako, eta jende pilaketa bat gertatu da.

Dozenaka mila pertsona zeuden jaialdian, Israelen izurria hasi zenetik herrialdean eginiko ekitaldirik jendetsuenean. Poliziaren arabera, ezbeharra hasi zen handik irteteko ahaleginean erromes batzuek irrist egin zutenean eskailera batzuetan. Horrek eragin zuen beste asko ere erortzea, eta jendetzak zapaltzea.

Agintariek 10.000 lagunen bilkura zuten baimendua, baina, antolatzaileen arabera, 650 autobus baino gehiago heldu ziren herrialde osotik, eta erromesak 30.000tik gora zirela uste dute. Zenbait iturriren arabera, 100.000ra ere heldu zitezkeen.

 

 

«Hondamendi handia» izan dela adierazi du Benjamin Netanyahu lehen ministroak.

Txertaketa kanpaina handia egin du Israelek, eta kutsatze datu onak lortu ditu. Horregatik, azken egunetan, asko arindu dituzte izurriari aurre egiteko neurriak. Edonola ere, Poliziak esan du ezin izan dutela osasun neurririk hartu jaialdian, jendetza oso handia zelako.

Judu ortodoxoek urtero egiten dute erromesaldia Meron mendira. Han dago Shimon Bar Yochai errebinoaren hilobia, eta lekua juduen leku sakratuenetako bat da. Suak pizten dute gauean, eta dantza eta otoitz egiten dute jaialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.