Aernnova Aeroestructuras Alavak abian jarritako lan erregulazio espedientea legezkoa dela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Epaitegiak ez ditu onartu langile batzordea osatzen duten sindikatuek neurriaren aurka eginiko salaketak, eta, ondorioz, 82 kaleratuak ez dira itzuliko beren lanpostuetara. Epaitegietara iritsi den euskal aeronautika enpresen lehen erregulazio espediente handia izan da, eta pandemiako bigarrena, GTS eta Matriceria Deustoren itxierakoaren ondoren. Ikusi beharko da hurrengoen ebazpenetan eraginik duen.
Gizarte arloko salako hiru epaileen iritziz, Aernnovak Berantevillan (Araba) duen plantako espedientea «legezkoa» da, eta ez da ageri sindikatuek salaturiko arau hausterik. Aho batez hartu dute erabakia. Erregulazioaren prozesuko pauso guztiak zuzen eman direla iritzi diote, ez dela fede txarrik egon negoziazioan, eta kaleraturikoen aukeraketa arrazoi objektiboen araberakoa izan dela.
Erregulazioa «arrazoi produktibo estrukturalengatik» dela ebatzi dute halaber. Alegia, ez dela COVID-19aren krisiarengatik eragindakoa, eta enpresaren arazoak 2014an hasi zirela. Ñabardura hori oso garrantzitsua da, pandemiaren eraginarengatik kaleratzeak gauzatzea debekatu baitzuen Espainiako Gobernuak. Sindikatuek erregulazioa bertan behera uztea eskatu zuten, eta hor oinarritzen ziren haien itxaropenetako asko. Atzokoa ez da albiste ona auzitegien bidean dauden hegazkingintzako beste enpresetako langile batzordeentzat, oinarrian dagoen auzietako bat sektoreko krisia behin-behinekoa den ala ez baita.
Epaileek onartu dute erregulazioak «zoritxarreko lan sakrifizioa» eragingo duela, baina, beste urraketarik ezean, ezin dutela kontrol neurri gehiago aplikatu. Aldi berean, ukatu egin dute Aernnova «talde patologikoa» dela. Beraz, ezin da multzo osora jo Berantevillako plantan harturiko neurrien kaltea banatzeko.
Helegitea jarriko dute
Kaleratzeen prozesua, baina, ez da amaitu. Salatzaileek helegitea jartzeko eskubidea dute, eta ELA sindikatuak dagoeneko jakinarazi du pauso hori emango duela, haren ustez erregulazioa bertan behera uzteko argudioek berean dirautelako. Hura da langile batzordean delegatu gehien duen sindikatua, eta presidentea ere ELAkoa da. Hurrengo instantzia Espainiako Auzitegi Gorena da. Halako kasuetan sei hilabete inguruko epea igaro ohi da hurrengo epaiketa hasi arte.
Sindikatuaren ustez, epaitegiak bere egin ditu enpresaren argudioak, eta ez du kontuan hartu 2019an, pandemia aurreko azken urtean, Aernnova taldeak 38 milioi euroko irabaziak izan zituela. «Onartezintzat» jo du horrelako enpresa batek, «patrikak diru publikoz bete dituena», epaitegiengandik kontrol zorrotzik ez jaso izana lantaldean doikuntzak egiteko garaian. Eta kaleratzeak abian jarri dituenean, berriz, epaileek legediaren interpretazio malgua egin dutela.