Enpresak

Eroski taldeak %2,1 handitu ditu salmentak

Elikagaien atalen igoera handiak (+%8,6) konpentsatu zuen beste produktuen, bidaien, kirol jantzien eta gasolindegien salmentetan izandako jaitsiera handia.

Bezero ilada luzeak, Arrasateko Eroskin, 2020ko apirilean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 29a
14:27
Entzun

Eroski Taldeak 5.375 milioi euroren salmentak egin zituen 2020. urtean, aurrekoan baino %2,1 gehiago. Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko neurriek fakturazio galera handia ekarri zioten bere negozio batzuetan (bidaia agentziak, gasolindegiak, Forum...), baina hori konpentsatu ahal izan du elikagaien salmenta handiago batekin (5.067 milioi, +%8,6). Ostalaritzaren itxierek eta murrizketen ondorioz, jendeak elikagai eta edari gehiago erosi ditu dendetan, eta hori baliatu du Eroskik ere.

Kooperatibak nabarmendu duenez, salmentak handitzea lortu du nahiz eta dendak ixten jarraitu duen. Zehazki, 2019an baino 40.000 metro koadro gutxiago ditu.

Itxiera horietako gehienak «Espainia iparraldea» deitzen duen eremutik kanpo gertatu dira. Azken urteetan, zor handiari aurre egiteko, XX. mendearen hasieran egin zuen hedapenean atzera egin du Eroskik, eta indartsuen zegoen lekuetara bildu du bere negozioa, hau da, penintsularen iparraldera: Hego Euskal Herria, Katalunia, Balear Uharteak, Aragoi, Errioxa, Kantabria, Asturias eta Galizia.

Eremu horretan duen merkatu kuota 0,3 puntu handitzea lortu du kooperatibak, %13,3raino. «Elikagaien bigarren banatzailea gara», azaldu du. Eremu horretan zabaltzen jarraitzen du, eta atzo bertan supermerkatu bat zabaldu zuen, Barakaldon (Bizkaia).

Gainontzeko lekuetan zituen hipermerkatu eta supermerkatu gehienak lehiakideei saldu dizkie edo itxi egin ditu, eta gaur egun frankizien bitartez funtzionatzen du Espainia erdialdean eta hegoaldean. 

Zehazki, frankizia erako beste 52 denda zabaldu zituen iaz Eroskik, eta berak kudeatutako beste hogei. Horren ondorioz, 900 lanpostu inguru sorrarazi ditu. Urtea 29.806 langilerekin amaitu zuen, 2019an baino %3 gehiago. Bazkide kopurua ere %3 handitu du (+259), eta jada 8.954 dira, gehien-gehienak Euskal Herrian.

Internet bidez, %82 gehiago

Pandemia dela eta, %82 handitu du online salmenta; arlo horretan egiten diren salmenten %20 Eroskiren esku daude.

Banaketa enpresak azaldu du 2020an %13, handitu zituela «tokiko ekoizleen» erosketak, 995 milioi euroraino. 2.400 ekoizle txiki daude Eroskiren hornitzaileen artean.

Eroskirentzat «iraunkortasunarekin duen konpromisoa ardatz estrategikoa da», eta CO2 isurketak gutxitzeko neurriak hartzen ari dela ziurtatu du. Horrela, %20 murriztu ditu karbono isuriak logistikan eta garraioan. Animalia ongizatean ere urratsak egin dituela iragarri du. 

Zorra txikitzeko urratsa

Taldeak aste batzuk barru aurkeztuko ditu bere 2020ko emaitza osoak. 2019an, 45 milioi eurotik gora irabazi zituen, kopururik handiena 2012az geroztik. Hainbat urtez galerak pilatu zituen, bere hedapen bizkorrak eta Capraboren erosketa finantzatzeko pilatutako zor handiaren ondorioz. Zor hori txikitzen aritu da azken urteetan, eta beste urrats bat egin du orain, Capraboren eta Balearretako negozioaren erdia Txekiako EP Corporate Group inbertsio funtsari salduta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.