Otsailetik erregistratutako daturik beltzena izan da birusarekin loturiko heriotzei dagokienez. Apirilaren 19tik 25era gutxienez 70 pertsona zendu ziren Hego Euskal Herrian, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera. Denbora tarte horretara arte, gaitzarekin hildakoen kopurua otsailaren 22tik 28ra bitarteko astean izan zen langa horretatik gorakoa azkenekoz. Hartan, 73 pertsona hil ziren birusarekin.
Birusaren transmisioari buruzko adierazleei dagokienez, kutsatuen kopuruak bigarren egunez jarraian gainditu du mila kasuren langa Hego Euskal Herrian. Atzo 14.800 diagnostiko proba egin ziren guztira, eta 1.057 positibo atzeman ziren. Beraz, positiboen portzentajea %7,1 da, atzoko testak oinarri harturik. Hegoaldeko bi osasun sistemek emandako datuak banan-banan aztertuta: Osakidetzak egindako testen %7,3k eman dute positibo; aldiz, Osasunbideak egindakoetan apalagoa da ehunekoa: %5,3.
Atzo atzemandako kutsatuen kopuruak herrialdeka aztertuta, Bizkaian detektatu da kasu gehien: 412. Gipuzkoa du atzetik; izan ere, 386 positibo detektatu dira lurralde horretan. Halaber, Nafarroan 181 kasu izan dira; Araban, 70.
Gainera, ospitaleen egoerari buruzko datuak eguneratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Emandako informazioaren arabera, atzo 83 lagun erietxeratu zituzten birusagatik. Guztira 719 pertsona daude ospitalean gaitzagatik, eta horietako 192 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Nafarroako Gobernuak oraindik ez du eman erietxeen gaineko informaziorik.