EUSKAL PRESOAK

Presoak «presaz eta lehentasunez» txertatzeko eskatu du Etxerat-ek

Komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak berreskura daitezela nahi du euskal presoen senideen elkarteak. Berrogeialdiak eten eta presoei PCRak egin diezazkietela galdegin du.

Eri diren presoen aldeko elkarretaratze bat, joan den abenduan, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 29a
11:55
Entzun

Etxerat-ek jakinarazi duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presoei jarria diete jada COVID-19aren aurkako txertoa, baita Kantabriako eta Leongo espetxeetan daudenei ere: «Badakigu ehuneko ehunean ez bada hau bete, bide onetik doala». Ez da, ordea, hori egoera Iruñeko kartzelan eta Espainiako Estatuko bertze espetxeetan, eta horietan dauden presoei koronabirusaren txertoa «premiaz» jartzeko eskatu du Etxerat-ek. Izan ere, euskal presoen senideen elkarteak gogoratu du «arrisku handiko kolektiboa» dela presoena, eta «ezinbestekoa» dela egoera horri «erantzun egokia» ematea. Hala, Etxerat-en ustez «presazkoa eta lehentasunezkoa» da «preso guztiak» txertatzea. Horrek bide emanen lioke, halaber, komunikazioak berreskuratzeari, eta hala nahi du senideen elkarteak: azken hilabeteetan etendako komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak berreskuratzea.

Presoei ezartzen dizkieten berrogeialdiak eten eta PCRak egin diezazkietela ere eskatu du Etxerat-ek: «Proba horiek bai lekualdaketen aurretik, bai behin helmugara iritsitakoan egin beharko lirateke, eta neurri hori, halaber, barne komunikazioak eta familia komunikazioak egin ostean aplikatu daiteke». Etxerat-ek adierazi du, era berean, ezin dela «onartu» berrogeialdian dauden preso batzuek baimenetatik edo bertze espetxe batzuetatik itzuli diren presoekin ziega partekatu behar izatea.

Euskal presoen senideen elkarteak berretsi du «premiazkoa» dela osasuna eta segurtasuna «lehenestea», eta, horrekin batera, presoek eskubideak errespetatzea. Etxerat-en ustez, ez baita hala gertatzen: «Zoritxarrez, Espainiako Espetxe Erakundeek COVIDaren kudeaketaren inguruan hartzen dituzten erabakiek presoen eta haien eskubideen murrizketak dakartzate».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.