Okerreko bidetik hasi du urtea Euskal Herriko lan merkatuak. Duela urtebeteko shock ekonomikoa guztiz gainditu gabe, joan-etorriak eta harreman sozialak gutxitzeko hainbat neurri gogor izan dira indarrean azken hiruhilekoan, eta kalte handia egin diote enpleguari, ostalaritzan, turismoan eta garraioetan nagusiki. Industriaren zenbait ataletan ere kaleratzeak pilatu dira urtearen hasieran.
Ondorioz, INEk eta Inseek ematen dituzten datuak batuta, Gaindegiak kalkulatu du lanerako prest dauden 157.900 lagun daudela lanik gabe Euskal Herrian, 2020 amaieran baino 9.000 gehiago. Gipuzkoak batu ditu langabe horietatik gehienak (+7.700) eta Araban ere igoera handia izan da (+2.200). Aitzitik, langabe gutxiago zenbatu ditu INEk Nafarroan (-800) eta Bizkaian (-500). Ipar Euskal Herrian, berriz, 300 langabe gehiago leudeke, Gaindegiaren behin-behineko datuen arabera.
Hiruhileko batetik bestera gorabehera handi horiek ohikoak dira biztanleria aktiboaren inkestan, eta horregatik komeni da ikuspegia zabaltzea eta urtebete lehenagoko emaitzekin alderatzea. Kasu horretan ikusten da langabeziaren igoera orokorra izan dela Euskal Herri osoan: +9.300 Nafarroan, +8.800 Araban, +8.700 Gipuzkoan, +4.900 Bizkaian, eta +800 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
EBko tasarik handienetako bat
Horren ondorioz, langabezia tasak igoera nabarmena izan du: 2,27 puntu hazi da azken urtean, eta horietatik 0,66 azken hiruhilekoan. Guztira, biztanle aktiboen %10,68 daude orain lanik gabe. Tasa horretatik gora daude Bizkaia (%12,04), Nafarroa (%11,45) eta Araba (%11,31); behera, berriz, Gipuzkoa (%9,26) eta Ipar Euskal Herria (%7,02).
Langabeziaren igoera ez da Euskal Herrira mugatu; Europako Batasuneko herrialde gehienetan neurriak hartu dira COVID-19aren hedapenari aurre egiteko, eta horrek kalte egin dio jarduera ekonomikoari. Ondorioz, EBn %7,2tik %7,8ra egin du jauzi langabezia tasak azken hiruhilekoan, eta 1,1 puntu azken urtean, Euskal Herrian egin duenaren erdia. Ondorioz, Euskal Herria estatu independente bat balitz, EBko bi kide baizik ez lituzke gainetik izango langabezia tasa handienekoen zerrendan —Greziak %16,2koa zuen 2020 amaieran, Espainiak %16koa 2021 hasieran—, eta Italiarekin berdinduta egongo litzateke.
19.400 okupatu gutxiago
Urteko lehen hiruhilekoan kolpe handia hartu du landunen kopuruak. INEren biztanleria aktiboaren inkestaren arabera, 2021eko lehen hiruhilekoan 1.179.100 lagunek zuten enplegua lau lurraldeetan: aurreko hiruhilekoan baino 19.400 gutxiagok. Zerbitzuen sektorea izan da kaltetuena, ia suntsitutako enplegu guztiak galdu baititu (18.800). Enplegu suntsipena 35.200era igotzen da 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero.
Langabeak, berriz, 8.300 gehiago dira Hegoaldean. Horrenbestez, langabezia tasa %11,1era igo da. Tasa hori handiagoa da emakumeen artean (%11,3) gizonen artean baino (%10,9).
Egoera okerragoa da gazteen artean. 25 urtetik beherako 26.300 gazte daude lanik gabe Hego Euskal Herrian, duela urtebetekoen halako bi. Gazteen langabezia-tasa % 39koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %31,3koa Nafarroan. Europakor Batasunean, aldiz, tasa hori oso azpitik dago, % 16,9an, hain zuzen. Kopuru horiek erakusten dute krisiak bereziki kalte egin dietela gazteei, haiek bete ohi dituztelako ostalaritzan eta aisialdiko jardueretan desagertutako enpleguetako asko.