«Ziurgabetasuna erabatekoa da». Asteartean Iruñean atxilotua izan zen gazteetako baten amaren hitzak dira horiek. Espainiako Poliziak hamar gazte atxilotu zituen —bederatzi Arrotxapea auzoan eta bat Burlatan—, eta gazteak Iruñeko Udaltzaingora eraman zituzten. Han jarraitzen dute hamarrek. Atzo bezala, goizean senide eta lagunak elkartu dira kanpoan, jakin barik noiz pasatuko diren epailearen aurretik.
Astearte arratsaldean Espainiako Poliziak deklarazioa hartu zien aurrez abokaturik ez zuten lau gazteri eta, ofiziozko abokatuarekin egin zen galdeketa. Gainerakoei gaur arratsaldean hartuko diete. Operazio horren barruan, poliziek beste bi gazte deitu dituzte deklaratzera. BIhar bukatzen da atxiloketa aldiaren epemuga, eta espero da bihar pasatuko direla epailearen aurretik. Astearte goizean etxeetako batean 06:30ean sartu ziren, eta sumarioa sekretupean zegoela adierazi besterik ez zieten egin bi gazteen gurasoei poliziek. Ezin izan zuten semeekin hitz egin.
Oraindik, nahasmen handia dago gazteei leporatutakoaren inguruan. Atxilotuetako bati talde kriminal bat osatzea eta desordena publikoak eragitea leporatzen zioten. Dena den, litekeena da gertaera desberdinengatik egoztea delituak. Hainbat komunikabidek aipatu dute Arrotxapea auzoan azaroaren 7an izandako istiluetan parte hartzea egotzi dietela, besteak beste.
Atzo arratsaldean, Arrotxapean, elkarretaratze bat egin zen, eta 400 lagun inguru elkartu ziren. Amaieran, handik gertu, Poliziak bertan parte hartu zutenetako batzuk identifikatu zituen. Gaur arratsaldean, 20:00etan, atxilotuak aske uzteko eskatuko dute berriro Plaza Gorrian, Erasoen aurrean klase elkartasuna, atxilotuak askatu lelopean. 14:15ean, berriz, Ikasle Abertzaleak taldeak elkarretaratzea egingo du Biurdana ikastetxearen ondoko biribilgunean.
Egun gutxian Espainiako Poliziak zuzendutako bigarren operazioa izan da. Iragan astean, LABeko sei kide atxilotu zituen, eta horietako bostek 24 ordu eman zituzten ziegan. Aske geratu ziren iragan apirilaren 21ean, epaileak deklarazioa hartu gabe.