Arkitektura

Rafael Moneok Veneziako Arkitektura Biurtekoaren urrezko lehoia jasoko du

Arkitektoaren ibilbide luzeari egindako aitortza da saria. Biurtekoa maiatzaren 22tik azaroaren 21era bitarte egingo da. 

Rafael Moneo artxiboko argazki batean. FRANCK ROBICHON/EFE
aitor biain
2021eko apirilaren 28a
13:48
Entzun

Rafael Moneo arkitektoaren ibilbideari aitortza egingo diote aurtengo Veneziako Arkitektura Biurtekoan; sari nagusia emango diote, urrezko lehoia. Antolatzaileek gaur eman dute erabakiaren berri. «Moneo bere belaunaldiko arkitektorik berritzaileenetako bat da», adierazi du Hashim Sarkis arkitekto eta aurtengo jaialdiaren komisarioak. Arkitekturarekiko «etengabeko konpromisoa» erakutsi izana aitortu dio: «Eraikuntza ekintza gisa ulertzen du». 

Profesional gisa, proiektu arkitektoniko bakoitzak tokiko baldintza espezifikoei erantzuteko, horiek programatzeko, eta, aldi berean, gainditzeko duen gaitasuna aitortu diote arkitektoari. «Bere ibilbide luzean, Rafael Moneok bere gaitasun poetikoa mantendu du, arkitekturak adierazteko, forma emateko eta irauteko duen gaitasuna gogoraraziz». Irakasle gisa egindako lana ere nabarmendu diote Moneori; zehazki, belaunaldi berriak bokaziorantz «zorrotz» gidatu izana aitortu diote. 

Rafael Moneo Tuteran (Nafarroa) jaio zen, 1937an, eta Madrilgo Arkitektura Eskolan egin zituen ikasketak. 1996. urtean, gaurko egunez, Pritzker arkitektura saria irabazi zuen. Egun Harvard Unibertsitatean irakasle eta Oteiza fundazioko patronatuko kide da, besteak beste. 

Egin dituen azken obren artean, nabarmentzekoak dira Madrilgo Prado Museoa zabaltzeko lanak (2007), Harvard Unibertsitateko LISE eraikuntza (2007) Deustuko Unibertsitateko Liburutegia (2009) eta Novartis etxearentzako laborategiak Basilean (Suitza, 2009).

Haren lan esanguratsuenen artean daude, halaber, Nafarroako Unibertsitatearen Museoa (2008-2014), Princeton Unibertsitateko Neurologia eta Psikologia Zentroa (2014), Columbiako Unibertsitateko (New York) Zientzia Laborategia (2010), eta Donostiako Loiolako Erriberetako parrokia (2011).

Saria maiatzaren 22an emango diote, aurtengo Arkitektura Biurtekoa hasteko ekitaldian. Horrez gain, bere eraikin esanguratsuenen maketez eta argazkiez osatutako erakusketa bat ere jarriko dute ikusgai.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.