«Txertaketa masiboa» martxan jarri dezala exijitu dio Otegik Eusko Jaurlaritzari

EH Bilduko koordinatzaileak salatu du Euskal Autonomia Erkidegoa dela jasotako txertoen ehunekorik txikiena jarri duen erkidegoa. 

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearen artxiboko irudi bat. JUAN HERRERO/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 28a
13:02
Entzun

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak «txertaketa masiboa» bultza dezala exijitu dio Eusko Jaurlaritzari, eta salatu du Euskal Autonomia Erkidegoa dela, hain zuzen, Espainiako Estatuan jasotako txertoen ehunekorik txikiena jarri duen erkidegoa. Bestalde, uste du euskal gizartea «akituta» dagoela, eta, horretarako, «erreskate emozional» bat eskatu die agintariei: herritarrei informaziorik ez ezkutatzea eta konfiantza ematea, alegia.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren pandemiaren kudeaketa izan ditu hizketagai Otegik, gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Salatu du Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak ez bezala, «atzerapena» duela txertaketaren adin tarte guztietan, eta eskatu dio txertorik «ez erreserbatzeko»; momentuz koronabirusaren aurkako tresna eraginkor bakarra direla argudiatuta. Alarma egoera momentuz «beharrezkoa» bada ere, neurri horrekin bakarrik pandemiaren arazoa konpontzen ez duela uste du; eta gehitu du Euskal Herriak ez duela bere kabuz erabakiak hartzeko eskumenik.

Hego Euskal Herriko datu txarrez ohartarazi du: estatu bat balitz, munduan hildako gehien dituen hamabigarrena izango litzatekeela azaldu du. Osakidetzako ospitaleak «gainezka» egitear daudela gehitu du, eta, horrez gain, ezarri diren neurri guztiek gizartean ondoeza sortu dutela. «Gizartea nekatuta dago, ez dakielako zeri heldu». 

Hori horrela, herritarrentzat «erreskate emozionala» eskatu dio. «Jendeari asko eragin dio pandemiaren urte luze honek. Herritarrei konfiantza eman behar zaie, ez zaizkie datuak ezkutatu behar, ezta adin txikikoak bezala tratatu ere». Hori horrela, txertaketaren erritmoa ahalik eta gehien bizkortzeko eskatu dio Jaurlaritzari, eta herritarrei «etorkizunik» egon badagoela helarazteko. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.