2019an, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Elkarrekin Podemos-IUren legez besteko proposamen bat, eta, horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatu ekitaldi bat antolatu dadila torturaren biktimei aitortza emateko. Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, «baldintza guztiak» daude datorren ekainaren 26an, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunean, 2019ko agindu hori gauzatzeko eta «torturaren biktimak aitortzeko maila goreneko ekitaldi forman». Foro Soziala modu diskretuan hasiko da lanean eragile politiko eta sindikalekin, 2019ko adostasun horrek «fruituak» eman ditzan.
Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileek agerraldi bat egin dute Donostian, torturaren aitortzaren beharra azpimarratzeko. Eskaera zehatzak egin dituzte: Jaurlaritzari galdegin diote, «ahalik eta adostasun handiena lortzen saiatuz», biktimak «modu sinbolikoan» aitortzeko ekitaldi bat antolatzeko, osasun arauak errespetatuz. Altzelaik eta Hernanek garrantzitsutzat jo dute ekitaldi horretara gonbidatzea Kriminologiaren Euskal Institutuak torturaz eginiko txostenean jasotzen diren Poliziaren biktimak.
Txostena 2017ko abenduan aurkeztu zuten, eta 4.113 tortura kasu jaso zituzten 1960 eta 2014 artean Euskal Herrian.
Era berean, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete torturaren biktimei laguntzen jarrai dezatela, «eskura dituzten baliabide guztiak haien esku jarriz, dagozkien eskubideak lortzeko bidean; egia, aitorpen ofiziala, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak». Foro Sozialaren esanetan, «pausoak ematen jarraitzeko unea» da, «hainbeste urtetako diskriminazioari aurre egiteko garaia», uste baitute torturen errealitatea «agenda politiko eta mediatikoaren erdigunean» dagoela.
Izan ere, «paradigma aldaketa bat» gertatu dela uste du Foro Sozialak, eta azken hilabeteetako gertakari ugari zerrendatu ditu. Esaterako, Hernanek eta Altzelaik gogoan izan dute Nafarroako Parlamentuak eta Jaurlaritzak Mikel Zabalza zenaren senideei eginiko aitortza, Zabalzaren hilketaren kasuan Alberto Perote CESIDeko koronelaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketak eragindako «lurrikara», Non dago Mikel? dokumentalaren Madrilgo aurkezpenera Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko orduko presidenteordea joan izana, Felipe Gonzalez gobernuburu ohiak GALen sorreran izandako zereginaz, CIAk eginiko txostena zabaldu izana eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu izana tortura kasuak behar bezala ez ikertzeagatik.
«Nabarmendu nahi dugu eztabaida honek agerian utzi duen daturik garrantzitsuena dela biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubideari buruzko adostasun instituzionala eta politikoa dagoela, torturak bereziki aipatuta», azaldu dute Altzelaik eta Hernanek.