Arkeologia

Azkoienen agerturiko mosaiko erromatarrak aztertzen ari dira

Ureztatze sistema bat jartzeko lanetan agertu dira aztarnak. Nafarroako Kultura Sailak esan duenez, K.o. III-IV. mendeetako eraikin handi baten hondakinak dira.

Ohiko kontrol gisa eginiko indusketa honetan aurkitu zuten mosaikoen lehenengo aztarna. NAFARROAKO GOBERNUA
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 28a
10:53
Entzun

Indusketa egiten ari da Nafarroako Kultura Zuzendaritza Azkoiendik gertu agertu diren aztarna arkeologikoen inguruan. Ureztatzeko sistema baterako lan batzuetan, ohiko kontrol bat egin zuten, eremuaren zati txiki bat induskatuta. Baina aztarnak bazeudela ikusi zuten, eta, azkenean, 400 metro koadroko gune bat ari dira aztertzen orain.

Martxoaren 8an topatu zituzten lehenengo zantzuak, eta indusketa joan zen astean amaitu zuten. Orain eman dute aurkikuntzaren berri.

Zuzendaritzak zabaldu duenez, erromatarren garaiko landa eremuko eraikin baten arrastoak dira, K.o. III.-IV. mendeetakoak, orain arte ezagutzen ez zirenak. Nabarmendu dute «eraikin handi» bat zela. Halere, egitura «oso eraldatuta» dagoela ohartarazi dute, lurra askotan goldatu dutelako han.

Mosaikoak dituzten hiru zoru topatu dituzte. Horietako batek 30x9 metroko area du, eta, beraz, Nafarroan topaturiko «handiena». Besteak txikiagoak dira. Forma geometrikoak eta landareen irudiak osatzen dituzte mosaikoaren teselek.

Azkoienen topaturiko geletako baten mosaikoetako xehetasun bat.Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuak nabarmendu egin du agintarien eta soroaren jabearen arteko lankidetza. Mosaikoak babesteko lan batzuk egin dituzte, eta estali egin dituzte. Orain, radarrekin eta besteko tresneriarekin aztertuko dute eremua, lurraren azpian gehiago ote dagoen jakiteko.

Ablitaskoa, zaharberrituta

Nafarroako hainbat lekutan agertu izan dira erromatarren garaiko mosaikoak.

Ablitasen, urtarrilean amaitu zuten El Villarko aztarnategiko etxe bateko gelako zorua zaharberritzen.

Orduan, 23,5 metro koadroko zoru oso bat atera zuten lur azpitik, eta txukundu. Orduan, Nafarroan azken 25 urteotan osorik aurkituriko bakarra zela adierazi zuten. Ikus behar, beraz, orain Azkoienen topaturikoa osorik dagoen.

Hiru urte eman dute hura lur azpitik ateratzen eta bere onera ekartzen. 2010. urtetik ari dira lanean aztarnategi horretan. 2017an aurkitu zuten 19. gela, eta, hurrengo urtean, indusketa babestu zuten 768 metro koadroko estalpe bat eraikita.

Garrantzi handia eduki zuten bere garaian halako landetxe handiek, nekazaritzara eta abeltzaintza lantzeko oinarrizko unitateak zirelako, normalean familia baten ardurapean. Han bizi zen familia, eta han lantzen, eraldatzen eta gordetzen zituzten inguruko lurrei eta animaliei erauzitako mozkinak. Hau da, mendialdean gero baserriek edukiko zuten antzeko eginkizuna zeukaten, parekatze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.