Atzo 20:00ak aldera libre geratu zen Ander Mujika donostiarra, Espainiako Auzitegiak erabakita. Frantziak astelehenean entregatu zion Espainiari, baina haren kontra zeuden auziengatik dagoeneko zigor osoa bete duela ebatzi dute.
2007. urtean atxilotu zuten Okzitaniako Caorsen. ETAko kide izatea egotzi zioten Mujikari, eta armak gordetzea. Parisen epaitu zuten bi auzi horiengatik, eta zigorra bete du, besteak beste, Saint-Martin-de-Reko (Frantzia) eta Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxeetan.
Mujikaren gurasoek, anaiak eta 5 urteko ilobak auto istripua eduki zuten 2017an, Bordele parean, Saint-Martin-de-Reko espetxera bisitan zihoazela. Euskal Herritik 550 kilometrora dago espetxea.
2018an, Mujika eta Fermin Martinez Bergara presoak Euskal Herritik gertuago dagoen espetxe batera hurbiltzeko agindu zuen Frantziako Gobernuak. Saint-Martin-de-Retik, Mont-de-Marsangora eraman zituzten, Euskal Herritik 160 kilometrora.
Apirilaren 10ean, protesta egin zuten Donostiako Gros auzoan, presoaren egoera salatzeko.