Beriainen eta Fraileren hilketak

David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak hil dituzte Burkina Fason izan den eraso batean

Bi kazetariak desagertuta zeuden atzotik. Identifikatu gabeko talde armatu batek eraso egin zien parke naturaletako ehizari buruzko dokumental bat filmatzen ari zirela. Erakundeek kazetarien lan «ausart eta beharrezkoa» goraipatu dute.

Beriain (ezkerrean) eta Fraile (eskuinean). DMAX - J.M. GARCIA / EFE
Gotzon Hermosilla - Andoni Imaz
2021eko apirilaren 27a
14:39
Entzun

Joan den astelehenetik, bi kazetari euskal herritar desagerturik egon dira Burkina Fason, eraso baten ostean. Gaur arratsaldean, Espainiako Atzerri ministro Arancha Gonzalez Laiak esan du hil egin dituztela, talde armatu batek eginiko eraso batean. Euskal herritarrak ziren biak: bat Barakaldokoa (Bizkaia) eta bestea Iruñekoa. David Beriain eta Roberto Fraile dira haien izenak.

Bi kazetariak dokumental bat egiten ari ziren gobernuz kanpoko erakunde batekin, Burkina Fasoko parke naturaletako isileko ehizari buruz. Biak 40 bat laguneko talde batean zihoazen, eta 15:30etik aurrera, agintariek ez zuten taldearen berririk izan. Burkina Fasoren eta Beninen arteko parke natural batean zeuden, «leku arriskutsu batean», Gonzalez Laiaren hitzetan, «terroristak, isileko ehiztariak eta bidelapurrak» ibiltzen direlako inguruan.

Beriainez eta Frailez gain, irlandar bat eta Burkina Fasoko segurtasun indarretako kide bat ere desagertu egin ziren, identifikatu gabeko talde armatu batek filmaketa taldeari eraso zionean.

Burkina Fasoko Gobernuak «terroristei» egotzi die erasoa, nahiz eta aitortu duten ez dutela talde armatua identifikatu oraindik. Hiru zauritu eta lau desagertu egon direla azaldu du Ousseni Tamboura bozeramaileak, eta ohartarazi du oraindik behar bezala identifikatu gabeko hiru «atzerritarren» gorpuen argazkiak zabaltzen ari direla sare sozialetan. Hango hedabideek ere esan dute «hiru mendebaldarrak» hil egin dituztela, baina irlandarraren heriotza ez dute baieztatu oraindik.

Lehen informazioen arabera, «terroristek okupatutako lurretan» sartu zen filmaketa taldea, eta segada bat egin zieten.

Beriain kazetaria zen, eta Clandestino izeneko dokumental sail bat egin zuen DMAX telebista katerako. BERRIAk elkarrizketa bat egin zion 2015. urtean, haren lanari buruz. Artaxoan (Nafarroa) jaio zen, 1977an.

Fraile, berriz, kameraria zen. Sortzez barakaldarra zen, baina Salamancan (Espainia) bizi izan zen azken urteetan. Siriako gerraren berri eman zuen. 2012an, Alepon, ustekabeko leherketa batek larri zauritu zuen. Hogei urtean aritu da freelance lanean, nazioarteko zenbait gatazkatan; baita Gaztela eta Leongo telebistan ere.

Bi kazetarien heriotzak berehalako erreakzioak eragin ditu sare sozialetan. Nafarroako alderdi politikoek euren atsekabea adierazi dute, baita Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak ere, besteak beste.

Indarkeriaren gorakada

Burkina Fasoren ekialdean eta iparraldean gorabehera handiak izan dituzte azken urteetan, talde jihadisten erasoak areagotu direla eta. Al-Qaedaren adar baten eta Estatu Islamikoaren ekintzek, besteak beste, komunitateen arteko giroa ere gaiztotu dute.

2019ko maiatzean, bi turista frantses eta haien gidaria bahitu zituzten Beninen, Burkina Fasorekin mugan dagoen parke natural batean: gidaria hil egin zuten, eta turistak onik atera ziren. Bi militar hil zituzten erreskate operazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.