Amaia Zubiria abeslariak jasoko du aurtengo Adarra saria, bere ibilbideagatik. «Aparteko gaitasuna duen interprete eta musikagilea dela utzi du agerian», adierazi du epaimahaiak, sariaren berri emateko oharrean. Ondorengo belaunaldietan «funtsezko eragina» eduki duela gaineratu dute.
Nabarmendu dute Zubiriak kantu tradizionala gaurkotzen eginiko lana, eta euskal zinemarako eginiko musika.
Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia Euskadiko Gazte Orkestrako komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatu dute epaimahaia, eta aho batez erabaki dute saria Zubiriari ematea.
Gipuzkoako Zubietan jaio zen Zubiria, 1947. urtean, eta folka landu du. Badok atariak eskaini dion atalaren arabera, «euskal folk berriak emandako emakumezko abeslaririk garrantzitsuena» da. Atariak nabarmentzen du Haizea talde aitzindariko abeslaria izan zela, eta bakarkako lanak eta taldekakoak tartekatu dituela ibilbide luzean. «Kantaera dotore eta sakonaren jabe izanik, ez da harritzekoa haren ahotsa hainbat film eta beste hainbat euskal artistaren diskoetan entzutea».
Adarra saria «musikarekiko dudan zirkulu honen amaiera bezala» bizi duela adierazi du artistak.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omen egiteko, urtero. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak eta Kepa Junkerak jaso dute Adarra saria.
Ondo bidean, ohiko moduan, saria ekainaren 21ean emango dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Musikaren Europako Egunean. Marijose Rekaldek eginiko garaikurra jasoko du Zubiriak, eta kontzertua emango du ondoren. Musikari talde handia edukiko du aldamenean; besteak beste, haren ibilbidean lagun izandako asko. Tartean izango dira Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Iñaki Salvador, eta Aitor Furundarena. Hainbat kolaborazio ere izango dira: Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega, saridunaren seme Edorta Amurua Zubiria eta Jon Maia bertsolaria, besteak beste.
Kontzerturako sarrerak gaur jarri dituzte salgai, 20 euroan, Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, eta www.donostiakultura.eus webgunean.
Egun argi hartan (Elkar, 1985) lana da Zubiriaren diskografiako lehena. Pascal Gaigneren gitarra, bandoneoia eta sintetizadoreak eduki zituen lagun. Harekin lankidetzan egin zituen hurrengo biak ere: Kolorez eta ametsez (Elkar, 1986), Hamar urte zineman (1990, Angel Amigo).
Asko zabaldu ziren Txomin Artolarekin batera hurrengo urteetan argitaraturiko Folk-lore-sorta bildumako 1 (1991), 2 eta 3 (1992) diskoak, denak Elkar etxearekin.
Bakarkako azken lana 2008. urtean plazaratu zuen: Nabil (Elkar).