Euskara

'Molac legearen' kontrako helegitea salatu dute hizkuntza gutxituen erakunde publikoetako presidenteek

Bretoieraren, okzitanieraren, katalanaren eta euskararen erakunde publikoetako presidenteek «ulertezintasuna eta haserrea» plazaratu dituzte, eta hizkuntza gutxituen legeak biltzen dituen neurriak «gure lurraldeetan handizki hedatuak diren egin moldeak» direla adierazi dute.

Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak, iazko urrian. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko apirilaren 27a
11:34
Entzun

Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legeari babesa erakutsi diete bretoieraren, okzitanieraren, katalanaren eta euskararen erakunde publikoetako presidenteek, agiri bateratu batean. Apirilaren 8an onartu zuten legea Frantziako Asanblean, baina Emmanuel Macron presidenteak promulgatzeko epea bukatzear zela, haren kontrako helegitea ezarri zuten 60tik gora diputatuk Frantziako Konstituzio Kontseiluan. Bi hilabeteko epea du erabakia hartzeko, eta, tarte horretan, bataila politikoa abiatu dute legearen aldekoek. Mozio bat izenpetu zuten Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek joan den astean; gaur, «ulertezintasuna eta haserrea» plazaratu dituzte hizkuntza gutxituetako erakunde publikoetako presidenteek.

Antton Kurutxarri EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak, Lena Louarn Bretoieraren Erakunde Publikoko presidenteak, Carole Delga Katalanaren Erakunde Publikoko presidenteak eta Charline Claveau Okzitanieraren Erakunde Publikoko presidenteak izenpetu dute agiria. «Badu urte anitz, tokiko hizkuntzen politika publikoak eraikitzeko eta ekintzak egin ahal izateko, lekuko eragileek bururatu gabea den esparru juridikoari, eta hainbat alorretako oztopo eta traba ugari eta errepikakorrekin talka egiten dutela», adierazi dute. Legearen sustatzaileek BERRIAri azaldu bezala, Frantziako Asanblean onartutako legeak ez ditu traba administratibo horiek ezabatuko, baina koadro sendoagoa eskainiko die hizkuntza gutxituen alde lanean ari direnei.

Hori uste dute lau erakundeetako buruek ere. «Molac legeak gure lurraldeetan handizki hedatuak diren egin moldeak segurtatzeko eta garapen erraztu eta iraunkorrera buruz jotzeko lege esparru bat ekarri du». Legea bera «kontsentsu zabala lortzeko asmoz idatzi eta bideratua» izan zela uste dute, eta, horregatik, «damugarri eta deitoragarritzat» dute helegitea, kontsentsu horren «kontra» doalako.

Lau presidenteek adierazi dute «aterabide baikorra» espero dutela, eta legezko esparru «erraztaile eta seguru» batera heltzeko, «obratzera deliberatuak» daudela baieztatu dute, «eskaera sozialari eta gizarte, politika eta instituzio mailako kontsentsuari erantzunen dion nahikari handiko politika publikoa zabaltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.