EH Bilduren proiektua «egokia eta onuragarria» dela nabarmendu, eta koalizioaren II. kongresu prozesuaren barruan, urrats bat iragarri berri du Miren Zabaletak: EH Bilduko Nafarroako arduradun politiko izateko hautagaitza aurkeztu du. «Ezagutzen nauzuenon artean egitasmo honekiko nire engaiamendua eta leialtasuna ezaguna zaizue, eta hainbat bilkideren bultzada jasota eman dut nire hautagaitza aurkezteko asmoa».
EHBilduko Nafarroako arduradun politiko izateko hautagaitza aurkeztu berri dut EHBilduko Kongresuaren baitan. #10UrteBainoEz#BilkideEginpic.twitter.com/cXM4faMg9n
— Miren (@miren_zabaleta) April 26, 2021
Apirilaren 18an, EH Bilduren kongresuaren testuinguruan, Arnaldo Otegik idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen, eta, aldi berean, koalizioaren zuzendaritza berrirako izen-abizenak jakinarazi zituen mahai politikoak. Hala ere, prozesu horren barruan, lurraldetako egitura ezagutzea falta da.
Nafarroari dagokionez, Miren Zabaletak egin du urratsa. Twitterren ele bitan argitaratu du komunikatua. Zabaleta Bateragune auzian atxilotu zuten 2009an, eta sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintoren modura —Arnaldo Otegi eta Rafa Diezi, berriz, sei urte eta erdikoa—. Gainerakoen modura, zigorra osorik bete zuen, eta 2015eko urriaren 11n aske geratu zen. 2017ko martxoan, Sortuko Nafarroako koordinatzaile izendatu zuten.
Gaur iragarritako komunikatuan, gogora ekarri du proiektuak hamar urte bete dituela: «Hamar urte baino ez dira pasatu ezker subiranismoaren kultura zein tradizio politiko ezberdinetako alderdi eta norbanakook indarrak batzeari ekin geniola, eta, geroztik, politikan bat gehi bat bi baino askoz gehiago direla frogatu dugu». Halaber, azpimarratu du UPNrekiko alternatiboa izango zen gehiengoa eraikitzeari bide eman ziotela, eta Nafarroan udal arloko lehen indar bihurtu direla: «Guretzat funtsezkoa eta eraldatzailea da udalgintza».
Aurrera begira, «asko dago egiteko», Zabaletaren hitzetan, eta, horregatik, erronka gisa ikusten du etorkizuna. «EH Bildurekin bat egiten dugunak askoz gehiago izan gaitezkeela uste dugu, nafar jendartearen balioek eta lehentasunek gero eta antzekotasun handiagoa baitute», nabarmendu du. Oharrak baino ez badira ere, aurrera begirako ardatzak ere laburbildu ditu: hala nola «demokrazian, justizia sozialean edo naturarekiko harreman bizigarrian oinarrituko den Nafarroa burujabe bat, Euskal Herria libre batean».