Gernika bonbardatu zutenetik 84 urte bete dira gaur, eta, gaurkotasun politikoak aginduta, eragile askok aukera baliatu dute faxismoaren arriskuaz ohartarazteko. EH Bilduk, koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren bidez, nabarmendu du faxismoaren oinordekoak «hemen» daudela oraindik: «Ez gintuzten makurrarazi; ez gaituzte bezatuko», esan du sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez. EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek esan du «faxismoari aurre egitea» beharrezkoa dela «gaur orduan bezala».
EH Bilduk jakinarazi du Gorka Elejabarrieta senatariak galdera egingo diola Espainiako Gobernuko presidenteorde Carmen Calvori: ea Espainiako Gobernuak onartuko ote duen «gobernu frankistak Gernikako bonbardatzean izandako erantzukizuna».
Sabino Arana fundazioak bonbardaketari buruzko artikulu bat paratu du bere webgunean. Hor, fundazioak gogora ekarri du frankismoak beti uko egin ziola sarraskian izandako ardura onartzeari. «Hasieran, bonbardaketa estrategikotzat definitu zuten, bazirudielako haren helburu bakarra zela gudarien batailoiei Bermeorantz joatea galaraztea. Baina haren ezaugarriek eta erabilitako basakeriak frogatu zuten hura gerra esperimentu bat izan zela».
PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak Vox alderdia izan du gogoan, aipatu ez badu ere, eta esan du Gernikako bonbardaketak «askatasunen kontra altxatutako faxismoaren alderik makurrena» erakusten duela. Gaia gaur egungo egoerara ekarrita, deitoratu du oraindik ere «ideologia horretatik gatazka» bultzatu nahi dutela, eta horri «demokrazia, elkarrizketa eta akordioak» kontrajarri dizkio.
Ekitaldia Gernikan
Ekitaldi nagusia 16:30ean izan da, bonbardaketa hasi zen orduan hain zuzen. Lore eskaintza eta ohorezko aurreskua egin dituzte Zalloko hilerrian, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu eta Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroño buru zirela. Urkulluk esan du bonbardatze hura «herritarren kontra planifikatuta» egon zela, «ideologia nagusi bat zuen herri bat zigortzeko asmoz».
Urkulluren ustez, bonbardatzearen «aztarnak» iraun egin du, «belaunaldi hartan eta ondoko belaunaldietan ere». Aztarna ez ezik, «ureztatu eta elikatu beharreko hazia» ere bada Gernikaren gomuta Urkulluren aburuz, «herri eta pertsona guztien arteko bizikidetza lortzeko».
Gernika Batzordea
Gaur 45 urte bete dira Gernika Batzordeak bere lehen adierazpen publikoa egin zuenetik. Hori dela eta, urrian aurkeztuko duten ikus-entzunezko lan bat prestatzen dabiltza, batzordearen ibilbidea laburbilduko duena. Orain, horren aurrerapena plazaratu dute.
https://guernicagernikara.eus/ekitaldiak/gernika-batzordearen-aurrerapen-bideoa-1976-2021/#bideoa