Larritasuna agerikoa da, beste behin. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 10.470 diagnostiko proba egin ziren Hegoaldean gaitza detektatzeko, eta guztira 890 positibo zenbatu zituzten horietan. Lurraldez lurralde, Gipuzkoan 356 kasu atzeman dituzte; Bizkaian, 325; Nafarroan 128 izan dira, eta Araban, berriz, 102.
Bigarren egunez jarraian, Hego Euskal Herrian atzemandako kasu kopurua mila kasuren langatik behitikoa da, baina aipatzekoa da egun bakarrean egindako test kopuruak izandako apaltzea. Konparatzera, joan den ostiralean 1.100 positibo zenbatu ziren Hego Euskal Herrian, hau da, atzo baino 210 gehiago, baina aski handiagoa izan zen egindako proben zenbatekoa: 15.000 baino gehiago egin ziren egun hartan.
Horiek horrela, bereziki kezkagarria da positiboen portzentajeak hartutako joera. Atzoko zenbaketak oinarri, egindako testen %8,5ek eman zuten positibo. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko gehienezko muga.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du beste bost pertsona hil direla COVID-19ak jota herrialdean. Emandako datuen arabera, 81 urteko emakumezko bat eta 71 eta 83 urte arteko lau gizon zendu dira.
ZIUetan, gero eta estuago
Azken asteotan, biziki iluna da Hegoaldeko osasun agintariek osasun zentroei buruz argitara ateratako informazioa. Are gehiago, gaur jakinarazitako datua da iazko apiriletik erregistratutako beltzena: 230 paziente Hegoaldeko ZIUetan erietxeraturik. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, guztira 938 gaixo dira Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Atzo 69 pertsona erietxeratu zituzten birusaren sintomak larriagotuta.