SEGURTASUNA

Eskuin muturrari aurre egiteko mekanismoak ezarri nahi ditu Jaurlaritzak

Segurtasunerako hamazazpi mehatxu antzeman ditu Jaurlaritzak. 'Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorra 2025' dokumentua aurkeztu du Josu Erkorekak Eusko Legebiltzarrean.

Josu Erkoreka sailburua, Eusko Legebiltzarrean. @JERKOREKA
jon olano
2021eko apirilaren 26a
12:51
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren segurtasunerako hamazazpi mehatxu identifikatu ditu Eusko Jaurlaritzak, mota diferenteetakoak: «Eragile geologikoek, klimatikoek edo biologikoek eragindako arrisku naturalak; delitu informatikoen kasuan arrisku teknologikoak; delituen kasuan, nahita edo jakinaren gainean egindako ekintzen ondorio diren arrisku antropikoak, beren izaeragatik, nahitako edo arduragabeko giza egite edo ez egite bat eskatzen dutenak». Horien artean, Jaurlaritzak berariaz aipatu du eskuin muturraren mehatxua ere, «bizikidetza demokratikoaren» aurkakotzat jota: «Eskuin muturreko taldeen jarduera Euskadin nahiko eskasa den arren, mehatxu global horri aurre egiteko prebentzio eta jarduera mekanismoak» ezarri nahi ditu.

Jaurlaritzaren diagnostikoaren arabera, «arrisku potentzialtzat hartu beharko lirateke eskuin mutur deitzen zaion horretan sar daitezkeen pertsonak eta erakundeak; izan ere, instituzioak errotik zalantzan jartzearena eta indarkeria baliabide estrategiko posible gisa erabiltzearena presente egoten dira espazio ideologiko eta sozial hori elikatzen duen diskurtsoan».

Era berean, gobernuak indarkeria matxista jaso du mehatxuen artean, eta, atal horretan, xedea da «Ertzaintzan eta udaltzaingoetan sistema eta mekanismo komunak ezartzea, emakume biktimen arriskuen ebaluazio eta balorazio homogeneoak egiteko eta indarkeria matxistari erantzun hobea emateko». Txostenean, gobernuak gogorarazi du herritarrak gehien kezkatzen dituzten arazoen artean bederatzigarrena dela emakumeen aurkako indarkeria, eta datuen bilakaerak indarkeria horren «goranzko joera» erakusten duela azken urteotan. Jaurlaritzak hazkunde hori lotu du, «neurri handi batean, indarkeria jasan duten gero eta emakume gehiagok erakundeetara laguntza eske joatea erabaki izanarekin».

Guztira, hamazazpi mehatxu zerrendatu ditu Jaurlaritzak: pandemiak, emakumeen aurkako indarkeria, arrisku naturalak, trafiko istripuak, antolatutako delitu taldeen jarduna, droga trafikoa, jihadismoa eta jokoarekiko mendekotasuna, besteak beste. Izurrien kasuan, Jaurlaritzaren helburua da «osasunaren arloko mehatxuei eta erronkei aurre egiteko prestaketa eta erantzun planak garatzea».

Gainera, droga ekoizpenari, trafikoari eta kontsumoari dagokionez, gobernuak nahi du «legez kanpoko drogekiko tolerantzia soziala txikitzea, legez kanpoko drogen eskuragarritasuna mugatzea eta indarrean dagoen araudia eraginkortasunez bete dadin bultzatzea, zigortzeko prozedura ezarriz eta gai horien ekoizpena eta banaketa jazarriz». Eta «islamismo erradikalari lotutako indarkeriazko ekintzak» saihesteko, asmoa da «prebentzio ekintzak lehenestea eta sustatzea, komunitate islamikoekin etengabe hitz egitea eta arazoak garaiz detektatzeko lan egitea, arazo horiek arriskutsuak izan baino lehen».

Segurtasun pertzepzioa handitzea

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorra 2025 izeneko dokumentua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, eta bertan jaso ditu alor horretan gobernuak dituen asmoak. Helburua da «Euskadiko segurtasun publikoaren mehatxu nagusientzat erantzun eraginkorra eta bateratua antolatzea eta planifikatzea».

Agiriak «segurtasun integralerako euskal ereduranzko trantsizioa» osatzeko lau erronka, hamabi ildo estrategiko, 52 ekinaldi eta 166 ekintza zehatz jasotzen ditu. Gobernuaren borondatea da herritarren pertzepzioaren adierazlea 7,5etik gorakoa izatea 2025ean (azken aldiz neurtu zenean, 2019an, 6,93koa izan zen). Bestalde, beste helburu bat da herritarrek Ertzaintzari, udaltzainei, 112ko arretari, Euskalmeten informazioari eta trafiko zerbitzuari buruz egindako balorazioa 7,5 eta 8,5 artean kokatzea 2025ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.