Komunikabideak

Auzitegiek bizkarreraturiko zorra ordaindu duela iragarri du 'Gara'-k

Baltasar Garzonek itxitako 'Egin' kazetaren hiru milioi euroko zorra kitatu du egunkariak bi urteotan.

Iñaki Soto, 'Gara'-ko zuzendaria, zorraren inguruko egoera azaltzeko emaniko prentsaurrekoan, 2019o urtarrilaren 30ean. JON URBE / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 26a
10:31
Entzun

Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak iragarri du egunkariak lortu egin duela bizkarreratu zioten hiru milioi euroko zorra kitatzea. Irakurleen babesa eskertu du.

Baltasar Garzon epaileak itxi zuen Egin egunkaria 1998. urtean. Bost urte geroago, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, Garzonek berak erabaki zuen Egin-ek Espainiako Gizarte Segurantzarekin zuen zorra Gara kazetari bizkarreratzea, «enpresen jarraipen ideologikoa» argudiatuta. Zor hori 4,7 milioi eurokoa zela ebatzi zuten orduan. Ez zuten kontuan hartu Espainiako Auzitegi Nagusiak 2009. urtean erabaki izana Egin ixtea legez kanpokoa izan zela, eta Gara-k negoziatu behar izan zituen hiru milioi euro ordaintzeko epeak.

«Prentsaren askatasunean eta aniztasunean sinesten duen jendearen sostenguari esker, Gara-k kitatu egin du Egin-en zorra», idatzi du Sotok. Harrotasunaren eta ezintasunaren arteko zerbait sentitzen duela adierazi du zuzendariak: «Ez zenuen zertan egin, behartu zaituzte, lortuko ez zenuelakoan. Horregatik, egiteak poz handia ematen du. Baina, aldi berean, diskriminazioak eta injustiziak sutan jartzen zaituzte».

Hogei urtez zorraren pisua gainean eduki dutela adierazi du Sotok, eta horrek Gara arriskuan jarri duela gaineratu du. Bi urtean hiru milioi euro ordaintzea lortu izana goraipatu du, baina ahaleginaren kostua nabarmendu du: «Borroka honetatik bizirik atera dira giza taldea eta komunikabidea, baina larri zaurituta, zamatuta, zigortuta».

Sotok adierazi du 10.000 harpidetza lortu izana «ikaragarria» dela. Bide batez, Hego Euskal Herriko administrazioen «utzikeria» salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.