Binakako Txapelketako finalean izango dira Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta. Gaur lortu dute txartela, Bilboko Bizkaia frontoian, eta nola, gainera: ez diete aukerarik eman Peña eta Albisuri, eta 22-8 irabazi dute. Datorren igandean erabakiko da nor izango den finaleko beste bikotea. Gaurko galtzaileak eta Altuna eta Mariezkurrena dira hautagaiak.
Gaurko neurketan, nahieran ibili dira finalistak. 5-0 jarri dira aurretik, eta hortik amaierara bitartean 13-7 izan da Peña eta Albisu gertuen egon diren unea. Zabaletak neurketa kontrolatu du atzeko koadroetan, eta Elezkano eraginkor ibili da tantoak amaitzerakoan. Aurkariei dagokienez, neurketa ona egin du Albisuk, baina gehiago izan da Zabaleta; aurrean, berriz, normalean baino gehiago huts egin du Peñak.
Datorren hasteko neurketako matematikak oso errazak dira: irabazten duen bikoteak jokatuko du binakakoaren finala. Hautagaiak, esandakoak: Peña II-Albisu eta Altuna-Mariezkurrena.