«Gizarte eraldaketarekin konprometitutako» Nafarroako hainbat kide bildu dira gaur goizean Iruñeko Ziudadelan, «Iruñea menderatu eta kontrolpean mantentzeko eraiki zuten gotorlekuan», Nafarroa Berriz Altxa ekinbidea aurkezteko. 1521eko herri altxamenduen eta Noaingo eta Amaiurko (Nafarroa) guduen 500. urtemuga amutzat hartuta, aldarrikatu dute Nafarroak «burujabetza berreskuratzeko beharra» duela, «erabakiak bertan hartu ahal izateko». Ekainaren 19an manifestazioa egingo dute, Iruñean.
Mugimenduaren sustatzaileek manifestu bat adostu dute, eta hainbat arlotan aritzen diren 73 pertsonak sinatu dute. Horien artean daude feminismoan, euskalgintzan, lan eremuan, ekologismoan, pentsiodunen mugimenduan eta ikasle mugimenduan jarduten dutenak, bai eta intsumiso izandakoak eta errepresioa pairatutakoak ere. Honakoak dira sinatzaileetako batzuk: Patxi Zamora, Beñat Jusue, Begoña Zabala, Joxe Lacalle, Edurne Leon, Sagrario Aleman, Beñat Hach, Eneko Villegas, Petti, Lur Albizu...
Nafarrek izaera «errebeldea» dutela adierazi du Amagoia Susperregi bozeramaileak: «Konkistatu gintuzten arren, ez gaituzte guztiz menderatu». Ideia horri helduta, iraganean nafarrek «eskubideen alde eta eraso eta injustizien aurka» bultzatutako zenbait mugimendu zerrendatu ditu; besteak beste, Espainiako trantsizio garaiko langile borrokak, abortuaren aldeko mugimendua, NATOren aurkakoa edota Altsasuko (Nafarroa) gazteen aldekoa.
Orain, Nafarroaren burujabetzaren alde mobilizatzeko unea dela adierazi du, osasun krisiak agerian utzi baitu «erabakiak bertan hartzeko beharra»: «Ez dugu eskumenik gure arazoak hemen kudeatzeko, eta Madrilgo aginte bakarraren menpe bizi gara». Horren ordez, eguneroko bizitzan eragiten duen orori buruz «libreki» erabaki nahi dutela nabarmendu du: «Hezkuntza, osasuna, lan harremanak, euskara, pentsioak, fiskalitatea, etxebizitza, berdintasuna, estatus juridikoa eta gainerako euskal lurraldeekiko harremana».
Manifestazioa, ekainean
Aldarrikapen horiek zabaltzeko zenbait aurkezpen, hitzaldi eta mobilizazio egingo dituzte datozen asteetan foru erkidegoan zehar, eta aurki Tafalla eta Larragako Rotten XIII taldeak egitasmorako sortu duen kantu bat aurkeztuko dute. Gainera, ekainaren 19an manifestazioa egingo dute, Iruñean, Nafarroa berriz altxa, sobernía es libertad lelopean.