Joseba Sarrionandia idazlearen itzulerak asaldura eragin du Euskal Herrian. Itzal handiko idazlea da, literatur genero nagusi guztiak jorratu izan ditu, eta 1985ean Martuteneko kartzelatik ihes egin eta erbestera jo zuenetik, misteriozko eta miresmenezko aura baten inguratu du. Arrasto nabarmena utzi dute haren poesia, narratiba eta saiakera lan askok. BERRIAk lau idazlerekin hitz egin du arrasto horri buruz, eta igandeko egunkarian argitaratuko du haiek esandakoekin osatutako erreportajea.
Sarrionandia idazle berezia da Harkaitz Cano, Irati Jimenez, Eider Rodriguez eta Kirmen Uriberentzat. Gaztetxotan egin zuten topo haren literaturarekin, eta bakoitzak bere istorioa du Sarrionandiaren liburuekin.
«Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak besapeko liburua izan zen niretzat, ez soilik liburuarengatik beragatik baita Sarrionandiaren jarreragatik ere. Idazlearen eta itzultzailearen arteko mugak lausotzen ditu hor; avant la lettre, hipertestu bat zen hura», azaldu du Canok.
Sarrionandiak ipuingintza modernoaren atea zabaldu zuela uste du Jimenezek: «Fundazionala da narratiba laburraren arloan, eta ez dut uste hori aitortu zaionik. Gure literatura garaikidean, bera izan da ipuin kontalari magikoen genealogia inauguratu duena. Kontua da ez diogula ipuinari baliorik ematen, literatura heldugabea dugulako, eta oso antimodernoak garelako».
Ni ez naiz hemengoa liburuak aldaketa bat eragin zion Rodriguezi euskal literatura eta euskara bera jasotzeko moduan: «Ez nuen horrelakorik inoiz irakurri. Batetik, Kafka, Maiakovski edo Nietzsche; bestetik, Joxe Migel Barandiaran, Milia Lasturkoa edo Jon Mirande. Biolentziaren inguruko gogoetak hizkuntzaren ingurukoen aldamenean emanak zetozen. Inpaktu handia eragin zidan».
Uribe ere Ni ez naiz hemengoa-k hunkitu zuen bereziki: «Kartzela barruan nola irakurtzen ote zuen hainbeste, eta iturri ezberdinetatik. Jakin-min eta ezagutza handia azaltzen ditu». «Idazle konpletoa» iruditzen zaio, genero guztietan fina.
Musikari ugarik sortu dituzte kantuak Sarrionandiaren hitzekin, eta lau idazleek horien artean haientzako kutunenak ere aukeratu dituzte.