Ortziralero gisan, iritsi da Espainiako Espetxe Erakundeen iragarpena: oraingo honetan, bi euskal preso Euskal Herriratuko dituzte, bertze bi hurbildu, eta bati hirugarren gradua emanen diote. Iñaki Bilbao Gaubeka eta Mikel Arrieta Llopis dira Euskal Herriratuko dituztenak: Bilbao Gaubeka Zueran zegoen (Espainia, 245 kilometro), eta Basaurira ekarriko dute (Bizkaia); Arrieta Llopis, berriz, Soriatik (Espainia, 260 kilometro) Martutenera ekarriko dute (Donostia).
Hurbilduko dituztenak Imanol Miner eta Unai Bilbao Solaetxe dira: Granadan zeuden biak (Andaluzia, Espainia, 855 kilometro). Dueñasera mugituko dute Miner (Espainia, 310 kilometro), eta Darocara Bilbao Solaetxe (Espainia, 345 kilometro). Bi horiek mugitutakoan, gainera, euskal presorik gabe geldituko da Granadako espetxea, bi horiek baitziren kartzela horretan zeuden azken euskal presoak. Miner, bertzalde, bigarren graduan jarriko dute.
Hirugarren gradu bat ere eman dute Espainiako Espetxe Erakundeek: Luis Mari Carrascori — Zaballan zegoen, eta Langraiz bidea hartu zuenetako bat da—.
Miner 2002ko maiatzetik dago preso, eta 30 urteko zigorra du. 2024ko azaroan beteko ditu hiru laurdenak. Bilbao Solaetxe ere 2002tik dago preso, eta 40 urteko zigorra du. Bilbao Gaubekak 25 urteko zigorra du, eta 1998tik dago preso —beteak ditu hiru laurdenak, beraz—; eta Arrieta Llopisek 2020ko uztailean bete zituen hiru laurdenak: 35 urteko espetxe zigorra du.
38 preso Euskal Herrian
Euskal presoen hurbiltze eta Euskal Herriratzeak ari dira pixkanaka sakabanaketaren eta urruntzearen mapa aldatzen: 38 euskal preso daude dagoeneko Euskal Herriko kartzeletan, eta, azken hilabeteotako iragarpenen arabera, bertze bederatzik beharko lukete aurki —oraindik ez dituzte mugitu—. Hala, euskal presoen %18 daude dagoeneko Euskal Herrian, urrutien daudenak baino gehiago: %5 baino ez dira 900 kilometrora baino gehiagora dauden euskal presoak.
Euskal preso gehienak Euskal Herri inguruko kartzeletan daude: presoen erdiak. Eta Euskal Herriko edo inguruko kartzela hauek dira euskal preso gehien dauzkatenak: Logroñokoa (21 euskal preso), Duesokoa (19), Zaballakoa (17), Zuerakoa (14) eta Dueñasekoa (14). Logroño eta Dueso Altsasutik (Nafarroa) 170 kilometrora daude; Zuera, 245 kilometrora, eta Dueñas, 310 kilometrora.
Euskal presoen gutiengo bat dago 300 kilometro ingurura edo urrutiago: %32 dira. Horien artean, presoen %20 daude 300 eta 600 kilometro artean (43 preso); %8, berriz, 600 eta 900 kilometro tartean daude, eta, lehenago erran bezala, %5 daude 900 kilometrora baino gehiagora.
Bigarren graduan daudenak ere gehiengoa dira jada: BERRIAren azken datuen arabera, gutienez %58 daude erregimen horretan; alegia, 126 euskal preso. Hirugarren graduan oraindik bederatzi preso baino ez daude, ordea.
Guztira 197 izan dira Espainiako Espetxe Erakundeek egindako hurbiltze edo Euskal Herriratze iragarpenak —iragarpen horietako batzuk preso berei dagozkie, bi pausotan hurbildu eta Euskal Herriratu baitituzte anitz—. Guztira 154 euskal preso mugitu dituzte 2018ko irailetik: 128 hurbildu egin dituzte, eta 47, Euskal Herriratu —horietako batzuk aske geratu dira ordutik—.