Joseba Sarrionandia eta Agustin Azkarate iheslarien Euskal Herrirako itzulerak eta Josu Lariz Iriondo deportatuak Kaxa hutsak dokumentalean aletzen dituen testigantzek agerian utzi dute 41 euskal herritarrek (8 deportatuk eta 33 iheslarik) bizi duten egoera, Foro Sozialaren esanetan. 1998an iheslarien kolektiboak erabaki zuen Euskal Herrira itzultzen hastea, eta geroztik 201 itzuli direla dio Foro Sozialak. Itzulera hori «jaioterrira itzultzeko borondatean» oinarritu da, baina ziurtasun juridikorik gabe.
📢 Joseba Sarrionandia Uribelarrea eta Agustin Azkarate Intxaurrondo iheslari ohiak Euskal Herrira itzuli dira haien senideak eta gertukoak ikustera, hiru hamarkada baino gehiagoko atzerri behartuan egon ostean
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) April 23, 2021
Oharra 👇https://t.co/4iM7P6QG9dpic.twitter.com/bRARUvpTg3
Konponbidearen agendatik kanpo kokatu den gaia izan dela esan du Foro Sozialak, baina hizpide izan behar dela gogoratu du. Iheslariak etxera ez itzultzeko arrazoi nagusia Auzitegi Nazionalak iheslarien abokatuei jartzen dizkieten traba juridikoak eta balizko delituen «preskripzioaren erabilera bihurria» dira, Foro Sozialaren arabera.
Horregatik, erakundeei gomendio sorta bat igorri die: batetik, eskatzen du prozedura judizialik ez duten edo dagoeneko preskribatuta dauden prozedurak dauzkatenen itzulera erraztea; torturetan soilik oinarritutako testigantzekin irekitako prozedurak dituztenen itzulera bermatzea; «deportazio zigorra» dutenen kasuan irtenbide juridikoak artikulatzea justizia trantsizionalaren bidez; Auzitegi Nazionalak abokatuei informazio juridikoa helaraztea, iheslarien erregulazio juridikoa lortzeko; eta, azkenik, iheslariak eta deportatuak, presoen eta preso ohien modura, bake eta normalizazio prozesuan parte hartzaile aktibo izatea gomendatzen du Foro Sozialak.