Arriskuan egon liteke Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea. Frantziako Asanblean bozkatu eta bi astera, bihar bukatzen zen legea promulgatzeko epea. Baina azken orduan haren kontrako helegitea ezarri dute 60 diputatuk baino gehiagok. Bi hilabeteko epea izanen du orain Konstituzio Kontseiluak erabakia hartzeko.
«Harritua» agertu da legearen sustatzaile nagusi Paul Molac diputatu bretoia. Bere informazioaren arabera, Martxan eta Modem alderdietako diputatuak izan dira legearen kontra jazarri direnak. «Ez nuen espero, gehiengoko diputatu gehienek legearen alde bozkatu baitzuten». «Betiko jakobinismoa» salatu du. «Helegitea ezarri duten diputatuen lurraldeetan ez da hizkuntza gutxiturik, baina ez diete besteei eskubiderik eman nahi». Hizkuntza gutxituak «mespretxatu eta desagerrarazteko borondatea» salatu du.
Hala ere, konfiantzarekin mintzatu da: «Ez dut bereziki arriskurik ikusten, beharbada artikulu batzuk moldatuko dituzte, ikusiko». Berak argi du: legea konstituzionala da. «Konstituzio kontseiluak bi gauza erraten ditu: ezin da ikaslerik behartu hizkuntza gutxituak ikastera; legeak ez du behartzen. Eta ikasleek Hezkuntza Ministerioak finkatutako programa segitu behar dute; legeak ez du kontrakorik erraten».
Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak ere ez zuen espero helegiterik, diputatuen erabakiak «argiak» izan zirelako. «Murgiltzea konstituzionala dela badakigu. Ikusi behar da zer interpretazio egiten duten orain». Hala ere, uste du «dena posible» dela. «Erraten badute ez dela arazorik murgiltzea Frantziako Hezkuntza Kodean sartzeko, sekulako indarra emanen digu; erraten badute ez dela zilegi, borroka segitu beharko dugu». Azken hilabeteetan osatu den «gehiengoa» azpimarratu du: «Senatuan irabazi genuen, Asanblean ere; 15 eskualdetako presidenteak alde agertu ziren, eta elkarteak ere inoiz baino indartsuago gara. Borrokatu behar bada, prest izanen gara»
Konstituzioaren 2. artikulua
Aukera ezberdinak izan daitezke Eneritz Zabaleta legelariaren hitzetan: legea bere horretan uztea, legea osoki bertan behera uztea, edo legearen artikulu bat edo esaldi bat ezabatzea. «Murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzeak eragin dezake arazo gehien. Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluarekin bateragarria den ala ez erabaki beharko du auzitegiak». esplikatu du. Hain zuzen ere, Frantziako Errepublikako hizkuntza frantsesa dela zehazten du artikulu horrek.
Zabaletak ohartarazi du Konstituzio Kontseiluak ez duela sekula argiki erran murgiltzea konstituzioaren kontrako denik, «baina orain arte epai gehienak hizkuntzen kontrakoak izan dira azken urteetan». Era berean, 2001ean hartu zuten erabaki bat oroitarazi du: murgiltze ereduan funtzionatzen duten elkarte kontratupeko ikastetxeak laguntzea haizu zela erran zuen. «Ikusteko dago aldi honetan zer erabakitzen duten».
Bederatzi kide ditu Frantziako Konstituzio Kontseiluak eta Laurent Fabius Frantziako lehen ministro ohia da lehendakaria. Kideen artean da, besteak beste, Alain Juppe lehen ministro ohia ere. Alde hori azpimarratu du Zabaletak: «auzitegi bat izanik ere, biziki instantzia politikoa dela salatu izan da maiz».
Lege «historikoa»
Frantziako Gobernuaren borondatearen kontra, aldeko 247 botorekin onetsi zuten hizkuntza gutxituen aldeko legea, apirilaren 8an. Seinaletika publiko elebiduna eta estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako marka diakritikoak idaztea baimentzeaz gain, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari koadro sendoago bat emanen dio: hizkuntza gutxituak murgiltze ereduan ikasteko aukera ofizialki agertuko da Frantziako Hezkuntza Kodean, ikastetxe guziek proposatu beharko dute lurraldeko hizkuntza gutxituen irakaskuntza eskaintza, eta elkarte kontratupeko ikastetxe pribatuen diruztatzean ere eraginen du, eskola elebakarrak dituzten herriko etxeak behartuak izanen baitira haien herriko haurrak doazen ikastetxeei laguntza ematera.
Hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren eragileek «historikotzat» jo dute Frantziako Asanbleak legea onartu izana. Euskal Konfederazioak azpimarratu zuen 1951n bozkatu zen Deixonne legetik ez zela izan hizkuntza gutxituen aldeko halako legerik.
Frantziako Asanblean onartuta, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hamabost eguneko epea zuen legea promulgatzeko. Anartean, Konstituzio Kontseiluan helegitea ezar zezaketen legearen kontra. Hiru modu daude horretarako: Frantziako presidenteak edo lehen ministroak egin dezakete, edo, bestela, 60 senatari edo diputatuko taldea osatu behar da helegitea aurkezteko. Ekainean antolatu behar liratekeen departamenduetako eta eskualdeetako hauteskundeen testuinguruan, legea sustatu dutenek adierazi zuten ez zutela espero inork helegitea jartzerik. Azkenean, 60 diputatu baino gehiago elkartu dira asmo horrekin.