Maiatzaren 3tik aitzina irakaskuntza «hibridoa» izanen dute Ipar Euskal Herriko lizeoetan

Heldu den astean itzuliko dira ikasgeletara ama eskola eta lehen mailetan. Frantziako Gobernuak erran du osasun baldintza «zorrotzak» ezarriko dituztela

Eskola sartzea, irailean, Baionako Bernat Etxepare lizeoan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko apirilaren 22a
18:54
Entzun

Osasun neurrien arintzea iragarri ondotik, ondoko asteetan hartuko dituzten neurriei buruzko xehetasunak eman ditu gaur Frantziako Gobernuak. Jean Castex lehen ministroak erran du osasun egoera «hobetzen» ari dela, baina «adi» egon behar dela, birusaren aldaerak arriskutsuagoak direlako. «Osasun-arrisku maila altuena» duten herrialdeetara joan-etorriak gogortuko dituzte: horien artean dira Brasil, Argentina, Txina eta India. Bidaia horiek egiteko aukera jadanik «oso mugatua» da. Hemendik aitzina, «sistematikoki» eginen dizkiete testak herrialde horietatik datozenei, eta hamar eguneko berrogeialdia atxiki beharko dute.

Heldu den astelehenean ama eskoletako eta lehen mailako ikasleak itzuliko dira ikasgeletara; maiatzaren 3an itzuliko dira kolegio eta lizeoetan. Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak azaldu duenez, irakaskuntza «hibridoa» izanen da lizeoetan: erdiak ikasgelan izanen dira, eta beste erdiak, etxean. Kutxatze kasu bat gertatuko den bakoitzean, ikasgela itxiko dute. Ahal den heinean, klaseak eta jarduerak aire zabalean antolatzera deitu du. Ikasturte bukaerako azterketak atxikiko dituztela erran du Blanquerrek: «Gure helburua da ahalik eta baldintza normalenak eskaintzea ikasleei».

«Entzuten ditut argumentuak erraten dutenak goizegi dela, baina eskolen ixtearen kalteak oso handiak dira, pedagogikoak eta psikologikoak. Erabaki hori asumitzen dugu», adierazi du Castexek. Baldintza «zorrotzak» ezarriko dituzte, «ahalik eta osasun neurri gehienekin». Ikasle, irakasle eta langileentzat testak indartuko dituzte. Listuaren bidez egiten diren 400.000 test eginen dituzte astero, eta ondoko asteetarako 64 milioi autotest izanen dira 15 urtetik gorakoentzat. Frantziako Osasun Goi Agintaritzak adin apalagokoei eman ala ez erabakiko du ondoko asteetan.

Irakaskuntza langileen txertatzea indartuko dutela ere erran du Castexek. Eta beste lanbide batzuetara ere zabalduko dute txertatzea: besteak beste, segurtasun indarrak eta garraio publikoetako gidariak txertatuko dituzte. Txertatze kanpaina «ongi» doala baieztatu du: «Aste baten buruan 14 milioi herritar txertatuak izanen dira, biztanleriaren laurdena. 75 urtetik gorakoen %70 eta osasun langileen %70». Gaur egun, milioi bat txerto inguru jartzen dituzte astean. «Harro» agertu da txertatze zentroetan lan egiten ari direnengatik.

Castexek esan du maiatzaren erditsutik aitzina saltegi eta kulturgune batzuen irekiera aurreikusten hasten ahalko dela. Zerrenda oraindik ez da finkatua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.