18 urteko mutil marokoar bat hilda aurkitu zuten atzo Eusko Jaurlaritzaren tutoretzapekoa den Donostiako etxe batean. Jaurlaritzak uste du bere buruaz beste egin duela. Jakinarazi duenez, egoitzako hezitzaile batek topatu zuen gaztearen gorpua, bere logelan. Suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Adingabe izanik iritsi zen gaztea Euskal Herrira; abendutik bizi zen etxe horretan, eta aurretik Ibaiondoko zentroan egon zen.
Jaurlaritzaren arabera, gorpua Marokora aberriratzeko izapideak hasi dituzte, han duelako familia. Beatriz Artolazabal Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak doluminak eman ditu: «Nire babes osoa helarazi nahi diet gure zentroetako talde profesionalei. Hunkituta gaude denok». Artolazabalek adierazi du 30 urte baino gehiago daramatzatela gazte eta adingabeekin lan egiten, eta gaurkoa «egun gogorrenetariko bat» dela.
Antzeko beste albiste bat izan da azken egunotan, migratzaileekin lotuta. 21 urteko gizon eritrear baten gorpua aurkitu zuten igandean Irunen (Gipuzkoa), Bidasoa ibaiaren ertzean; bere buruaz beste egin zuen hark ere. Jaurlaritzak eta Irungo Harrera Sareak uste dute igarobidean zihoala. Gaur, 18:00etan, elkarretaratzea egingo dute Irungo San Juan plazan, sareak deituta: «Ez dugu pertsona errugabeen heriotza normalizatuko, ezta onartuko ere; harrerarako eta bizitzarako lurraldea gara».
Ezpainak josita Hendaian
Migranteei babesa eskaintzen dien Cimade elkarteak salatu du gizon batek bere ezpainak josi, eta, gose eta egarri greba abiatu duela Hendaiako atxikitze zentroan. «Kezka» agertu dute bere egoeragatik, eta Frantziako Justiziak bere kasuan izan duen jarrera salatu dute.
Tunisiar jatorriko gizona 2018an iritsi zen Frantziako Estatura, Maite Etxeberri Cimade elkarteko kideak azaldu duenez. Hendaiako atxikitze zentroan lan egiten duen juristaren arabera, Tulle (Frantzia) herrian bizi zen, eta familia zeukan han. Familia egoeragatik bizileku baimenaren agiria eskatu zuen, baina prefeturak uko egin zion. Abuztuan, Frantziako lurraldea uzteko agindua eman zioten.
Otsailean, atxilotu, eta Hendaiako atxikitze zentrora eraman zuten. 63 egun daramatza bertan. «Normalki, bi hilabetera Baionako auzitegiak atxikitze zentrotik ateratzen ditu, baina astelehenean hamabost egunerako luzatu zuten bere atxikitzea, lurraldetik kanporatzeko hegazkina erreserbatua dutelako», azaldu du Etxeberrik.
Frantziako Justiziaren jarrera salatu du. Hain zuzen, bizileku baimenaren agiriarentzat prefeturak emandako errefusari helegitea eman zioten Paueko Administrazio Auzitegian, baina hura oraindik aztertu gabe kanporatuko dute paperik gabeko gizona.
Bere egoera salatzeko, «desesperazioz», bere ezpainak josi eta gose eta egarri greba abiatu duela salatu du Cimadek. «Kezka» agertu dute, bere osasun egoera «oso fite» okertu daitekeelako. Atzerritarren oinarrizko eskubideen kontra Frantziako administrazioak daraman «errabiazko» politika salatu dute, eta haien kontrako «gehiegizko errepresioa» eteteko eskatu diote Frantziako Gobernuari. Egoera konpontzeko urgentziazko deia egin diote Frantziako Barne Arazoetako Ministerioari.