2020ko abenduaren 11n, alderdi politiko eta sindikatu ugarik adierazpen bat plazaratu zuten euskal presoei beste espetxe politika bat ezartzearen alde, eta konpromisoa adierazi zuten adierazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde guztiei helarazteko. Orain, «hitzari leial izanik», Donostiako Udalean EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek dituzten udal taldeek beste adierazpen bat zabaldu dute. Besteak beste, premiazkotzat jo dute urruntze politika amaitzea, «zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin».
Jon Insausti EAJko zinegotziak, Reyes Carrere EH Bildukoak eta Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiakoak irakurri dute adierazpena, Miramar jauregian. Besteak beste, «2011tik irekita dagoen errealitateari jarraikiz», Espainiako Gobernuari «EAEko gizartearen eta abenduko adierazpenaren sinatzaileen sostengu osoa» helarazi diote, presoei «espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak» egin ditzan, «iraganeko logiken araberako legerian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz».
Zehazki, eskatu dute «Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa» betetzeko, presoek zigorrak betetzean «deserrotzerik» gerta ez dadin: «Askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat ezinbestekotzat jotzen dugu».
Era berean, premiazkotzat jo dute urruntze politika amaitzea, eta sostengua adierazi diete espetxeratu guztiak Martutene, Basauri eta Zaballako kartzeletara lekualdatzearen aldeko proposamen guztiei. Sinatzaileek uste dute hori egiteak «modu erabakigarrian esku hartuko» lukeela «euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzen».
Sinadura ekitaldiaren ondoren, Patricia Velez Etxerat elkarteko bozeramaileak eta Joseba Azkarraga Sare plataformako eledunak esker oneko hitzak izan dituzte hiru udal taldeekiko, eta jakinarazi dute jada 90 udaletan baino gehiagotan onartu dituztela euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko adierazpenak. Velezen hitzetan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari helarazi zioten eskakizuna, uste baitute «euskal gizartearen gehiengoaren isla» dela, eta, orain, espero dute Espainiako eta Frantziako gobernuek «espetxe politika humanizatuago baten alde pausoak ematen jarraitzea».
Hamalau eragilek egin zuten bat adierazpenarekin: EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, ELAk, LABek, UGTk, CCOOk, Steilasek, EHNEk, ESK-k, Hiruk, Etxaldek, CGTk eta CNTk.