Ebazpena eman du EMA Sendagaien Europako Agentziak, eta, AstraZenecaren txertoarekin egin bezala, Janssenen prototipoa txertatzearen alde azaldu da. AEB Amerikako Estatu Batuetan azaleratutako odolbildu kasuak aztertu ditu erakundeak, eta, horien eta txertoaren artean «balizko lotura bat» egon daitekeela iritzita ere, albo ondorio horiek «oso ezohikoak» direla ondorioztatu du.
Zehazki, zortzi odolbildu kasu atzeman dituzte, orain arte jarritako zazpi milioi dositan. Hori dela eta, txertoaren onurak «balizko arriskuak baino askoz ugariagoak» direla ondorioztatu du EMAk, eta ez dio txertoari inongo baldintzarik edo oztoporik jarri, argibide orrian odolbilduen arriskuen berri emateaz harago.