Eskumenak

Espetxeetako osasunaren eskumena jasoko du Nafarroak

Maiatzaren 24an sinatuko dute transferentzia. Trafiko eskumena bigarren seihilekoan gauzatzea adostu dute

Iruñeko espetxea. VILLAR LOPEZ, EFE
2021eko apirilaren 20a
16:00
Entzun

Nafarroak espetxeetako osasunaren eskumena eskuratuko du aurki. Hala erabaki dute astearte honetan Maria Txibite Foru Erkidegoko presidenteak eta Miquel Iceta Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak Madrilen egin duten bileran. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordio bat lortu zuten lehengo astean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketari lotutako eskumenen, errepide garraioaren, ISSN kode bibliografikoaren eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskualdaketa gauzatzeko.

Maiatzaren 24an bilduko da Nafarroa eta Espainiako Estatuaren arteko batzordea eskumen aldaketa izenpetzeko, eta bigarren seihilekoan trafikoaren eskumena gauzatzea ere adostu dute. Espainiako Gobernuak dokumentazio teknikoa helarazi behar dio, lehenik, Nafarroako Gobernuari.

Ildo horretan, Txibitek berretsi egin du Nafarroako Gobernuak Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legean aurreikusitako «pasabidea» aktibatzeko hartutako erabakia. Horrek ahalbidetuko du Guardia Zibilaren trafiko taldeko kideak Nafarroako Foruzaingoan sartzea. Proposamen teknikoa lantzen ari dira oraingoz.

Espainiako Gobernuarekin «elkar ulertze ona» dutela nabarmendu du Txibitek. «Izaten ari garen bileretan Ministerio guztiekin dugu harreman ona, eta, batez ere, eskerrak eman nahi dizkiot Iceta ministroari, ondo ulertzen baitu autonomien Espainia plural hori, eta gure foru-erregimena partekatzen eta errespetatzen baitu».

Horrez gain, Txibitek eta Icetak langile publikoen behin-behinekotasunaren arazoa konpontzeko konpromisoa hartu dute. Horretarako, bi gobernuak konponbide bat lantzen ari dira, «legezkotasuna eta araudia zehatz-mehatz errespetatuz, enplegu publikorako sarbideari eta administrazio bakoitzaren berezitasunei dagokienez», plantillak egonkortzea erraztuko duen irtenbide bat eskaintzeko.

Azkenik, Nafarroako presidenteak Iceta ministroari jakinarazi dio Nafarroako Gobernuak Administrazioaren digitalizazioan behin betiko aurrera egiteko «apustua» egin duela, Ministerioarekin eta gainerako erkidegoekin lantzen ari diren ildotik, zerbitzu publiko «moderno eta eraginkorra» eta langile publikoentzako baldintza duinak lortze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.