Udalerririk euskaldunenetan, guraso askoren ohiko kezka izaten da gaztetxoak erdaraz nola moldatuko ote diren. Horren beldurrez, gaztelerara ere jotzen du askok eta askok, haurra hizkuntza horretan ere trebatu dadin. Premisa hori izango dute oinarri Arnasa Gara kanpainaren barruan egingo duten bosgarren elkarrizketa digitalean. Bihar izango da zuzeneko elkarrizketa, eta Erika Olaizola antzezlearekin jardungo dira solasean, Euskararekin ezin galdu ikus-entzunezko pilula hizpide. Arratsaldean izango da elkarrizketa, 17:00etan, eta BERRIAren Instagram kontuan jarraitu ahalko da zuzenean. Gero, Arnasa Gara Instagram kontuan ere ikusgai egongo da elkarrizketa.
Duela zenbait aste UEMAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean aurkeztu zuten kanpaina, eta udalerri euskaldunetako eta euskararen arnasguneetako testuinguru ugariak zein diren xehatzea du helburu. Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitako zortzi ikus-entzunezko dira kanpainaren ardatza, eta bideo horietako bakoitzean udalerri euskaldunetan ohikoak diren zenbait testuinguru ikus daitezke. Bideo horien inguruan solastatzeko eta hausnartzeko, berriz, astero gonbidatu bat izango da. Bihar egingo dute bosgarrena, Erika Olaizola antzezle azpeitiarrarekin.
Iban Garro eta Juanen Saralegi aktoreak dira protagonista bihar landuko duten ikus-entzunezko horretan. Parkeko banku batean eserita dauden bi aita dira, eta haurrei buruz ari dira solasean. Zehazki, kezka agertzen dute, gaztetxoak erdaraz nola moldatuko ote diren. Beldur horiek, baina, ez dutela funtsik diote, beraiek ere erdaraz oharkabean ikasi zutela eta gaztetxoek ere horrela ikasiko dutela esanez. Hain justu ere, hori da pilularen mezu hurbila: hizkuntza hegemonikoen edukiak etenik gabeak direla bai hedabideetan, bai sare sozialetan baita aisialdiko ekintza ugarietan ere, eta beraz, oharkabean ikasiko dutela. Funtsean, euskararekin ez direla galduko, eta haurrei lasai egiteko euskaraz.