Klima aldaketa

Karbono isuriek %4,8 egingo dute gora aurten

Energiaren Nazioarteko Agentziak jasotako datuen arabera, energia eskaera %4,6 igoko da aurten, eta eskari horren %70 garapen bidean dauden herrialdeetatik etorriko da.

Pemex konpainiako petrolio findegi bat, Tulan, Mexikon. FRANCISCO VILLEDA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 20a
13:02
Entzun

Planeta gelditu egin zuen iaz pandemiak, eta geldialdi horrek ondorio nabarmenak izan zituen energiaren kontsumoan, eta beraz, baita CO2 isurietan ere. 2020. urtean %5,8 jaitsi ziren karbono dioxido isuriak mundu osoan; ordea, Energiaren Nazioarteko Agentziak aurreratu duenez aurten %4,8 igoko dira. Energia eskariak gora egitea eragingo du hazkundea, izan ere, energia horren %60 ikatzetik etorriko da, nahiz eta berriztagarriek ere gora egingo duten. 

Gehien isurtzen duten herrialdeen zerrendan Txina egongo da lehen tokian. Mundu osoko ikatz kontsumoaren %55 izango da berea, eta 500 milioi tona CO2 isuriko ditu, iaz baino %5,1 gehiago. Modu horretan 2019an baino %6 gehiago isuriko luke. Horrek esan nahiko luke energia kontsumoari lotutako mundu mailako karbono dioxido isurien %31,8 izango direla Asiako erraldoiarenak.

Pekinen oso atzetik geratuko lirateke AEBak, zeintzuek beste urtebetez, murriztu egingo lituzkete isuriak %13,5eraino. Bide beretik jo du EB Europako Batasunak ere, eta %7,3raino jaitsiko ditu. Kontrako norabidean egingo du Indiak, zeina Txinarekin batera energia gehien kontsumitzen duen herrialdeetako bat den. Indiaren isuriak %9,3raino handituko dira, munduko osoko isuriek %7,1era heltzeraino.

Guztiak ez dira, hala ere, aurreikuspen txarrak. Izan ere, ikatzaren kontsumoarekin batera haziko da berriztagarrien eskaria ere. Horiek izan ziren iaz gainbeherarik nabaritu ez zuten energia iturri bakarrak, izan ere fosilak ez bezala %3 hazi ziren. Goranzko joera hori nabarmena izango da argindarraren alorrean, non %30 inguru iturri berriztagarrietatik eratorriko den. Alor horretan ere Txina izango da guztien buru, eta hari garapen bidean dauden beste hainbat potentzia gehituz gero, berriztagarrien %80 sortuko dute horiek.

Hegazkinak, erregai fosilen kontsumitzaile

Petrolio eskaria %8,8 gutxitu zen iaz, pandemiak eragindako geldialdiaren ondorioz, izan ere garraioak kontsumitzen du erregai fosilen %60. Hala ere, agentziaren aurreikuspenen arabera, 2019ko eskaerarekin alderatuta %3,2 txikiagoa izango da aurtengoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.