Bizkaiko Auzitegiak erabaki du bi urtez bertan behera uztea Iñigo Cabacas hiltzea leporatuta kondenatutako Ertzaintzako agenteari ezarritako bi urteko kartzela zigorraren gauzatzea. Ebazpenaren arabera, bi urteko espetxe zigorra gauzatuko dute, Juan Jose de Pablo kondenatuak legea hausten baldin badu datozen bi urteetan.
Auzitegi horrek ebatzi zuen, 2018ko azaroan, bi urteko kartzela zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezartzea De Pablori, eta Espainiako Auzitegi Gorenak zigor hori berretsi zuen joan den urtarrilaren, «zuhurtziagabekeria profesional larriko giza hilketa» egotzita. Zigor salak baztertu egin zituen Cabacasen defentsak jarritako helegite guztiak. Hildakoaren senideek adierazi zuten «jipoituta eta umiliatuta» sentitzen zirela. Jone Goirizela abokatuak iragarri zuen NBE Nazio Batuen Erakundera joko duela sendiak, «justizia bila»
Bizkaiko Auzitegiak hiru arrazoi eman ditu zigorraren gauzatzea indargabetzeko. Batetik, nahiz eta aitortu zigortuaren —mailarik handieneko agentea zen— jarrerak izandako ondorioen larritasuna, gogoratu du «zuhurtziagaberiazko hilketa» leporatuta zigortu zutela, ez dolozko delitua egotzita. «Horrek erlatibizatu egiten du jarrera kriminalaren intentsitatea», nabarmendu du autoan, Reyes Goenaga Olaizola magistratuak, auzitegiaren lehen sekzioko presidenteak. Bestetik, zigortutako ertzainaren «zirkunstantzia pertsonalei» erreparatu die zigorraren gauzatzea bertan behera uzteko. Epaileak zehaztu du duela gutxi hil dela De Pabloren emaztea eta seme bat duela. Zirkunstantzia horiek «bereziki zaila» bilakatuko lukete ertzainaren kartzelatzea. Eta hirugarren motiboa da polizia gisa egin duen «ibilbidea»; hau da, bere ibilbidean ez daudela jasota zigortua izatera eraman zutenaren «antzeko egoerak», eta zigor aurrekaririk ez duela.
«Horiek guztiak» kontuan hartuta, Bizkaiko Auzitegiko lehen sekzioak uste du ez dela «beharrezkoa» zigorraren gauzatzea. Cabacasen abokatuek helegitea jartzeko aukera dute, baina NAIZ agerkari digitalak argitaratu duenez, ez dute alegaziorik jarriko, argudiatuta ematen direla zigortua kartzelatua ez izateko lege zirkunstantziak.
Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo ostean hil zen Iñigo Cabacas. 2012ko apirilaren 5ean, Athleticek Alemaniako Schalke 04 taldearen aurka lortutako garaipena ospatzen ari ziren zaleei oldartu zitzaien Ertzaintza, Bilbon. Gomazko pilota batek buruan jo zuen Cabacas. Handik lau egunera hil zen, pilotakadak eragindako lesioen eraginez.
EH Bilduk inpunitatea salatu du
EH Bilduko Julen Arzuagak salatu du koalizio independentistak «beti» esan izan duela Cabacasen auzia «inpunitate osoz» amaituko zela, «hilketaren estalketarekin eta egileei erabateko babesa emanez». Legebiltzarkideak ohar batean nabarmendu du «beti oso nabaria» izan dela Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren «jarrera, ez ikertzeko eta gertaerak argitzeko edozein ekimen oztopatzeko, eta, azkenean, ezarritako kondena eskasa ez betetzeko» orduan.
Elkartasuna adierazi die Cabacasen senideei, eta adierazi Bizkaiko Auzitegiak gaur jakinarazitakoa «aldez aurretik iragarritako kronika bat» dela.