Migrazioak

Gazte eritrear baten gorpua aurkitu dute Irunen

Bidasoa ibaiaren bazterrean aurkitu dute eritrear jatorriko gaztea, urkatuta. Bere buruaz beste egin duela uste dute.

Migratzaile talde bat, aurtengo martxoan, Irungo Santiago zubian (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
2021eko apirilaren 19a
17:43
Entzun

Eritrear jatorriko gazte baten gorpua aurkitu zuten herenegun goizean, Irungo (Gipuzkoa) Azken Portu auzoan, Bidasoa ibaiaren bazterrean. Irungo Harrera Sarearen arabera urkatuta agertu zen gizon gaztea. Ertzaintzaren arabera, bere buruaz beste egin zuen gazteak. Ez omen dute bortizkeria zantzurik aurkitu, eta, kasua «itxitzat» eman dute. Suizidio bat izanki, ez dute informazio gehiagorik zabaldu nahi izan.

Hasieran, transitoko migrante bat izan zitekeela zabaldu bada ere, gaur arratsalderako, gaztearen jatorria baizik ez zuen baieztatu Irungo Harrera Sareak. Ez dakite transitoko migrante bat ote zen, Irunen bizi ote zen, paperak zituen ala ez. Informazio horiek lortu nahian ari zirela erran dute.

Hain zuzen ere, transitoko migranteen ohiko pasagunea da Irun eta Hendaia (Lapurdi) arteko muga. Azken asteetan, asko saiatu izan dira bertatik igarotzen, Frantziako Estatuan sartu eta migrazio bidearekin jarraitu ahal izateko. Martxo hasieran Migratzaile ugari iritsi ziren Irunera, eta iheslariei aterpea emateko zerbitzuak indartzera behartu zuen horrek Jaurlaritza. Gau bakarrean 104 migratzaileri eman zieten ostatu Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan, tartean hamasei emakumeri eta hiru adingaberi.

Irunera iristen diren migratzaile batzuk Bidasoa ibaia igerian igaroz saiatzen dira Hendaiara pasatzen. Martxoaren 13an, horietako bat uretatik ateratzen lagundu zuen Hendaiako arrantzale talde batek. Tom Dubois-Robinek kontatu zuen, Ipar Euskal Herriko hautetsiei idatzi zien gutun ireki batean. «Mugan diren kontrol iraunkor eta sendotuen ondorioz, Irundik datozen migrante anitzek Bidasoa ibaia igerian zeharkatzeko arriskua hartzen dute Frantziara iristeko. Egoera honek drama bat ekarriko du», abisatu zuten. Hautetsiak akuilatu ztuen «egoera dramatikoa berehala geldiarazteko» neurriak har zitzaten.

Gaur-gaurkoz, ez da jakina herenegun hilda aurkitu zuten gizona egoera horren biktima izan den.

 

.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.