Ingurunea asko aldatu da azken 36 urteetan. Larrialdi klimatikoak, deforestazioak, urbanizazio prozesuek eta abarrek eragin nabarmena izan dute paisaietan, hainbat kasutan espaziotik ikusteko modukoa. Nola zegoen Amazonas duela 36 urte? Nolakoa zen Dubaiko eraikin ikusgarriak egin dituzte inguru hori? Glaziarren neurriak horrenbeste aldatu al dira? Euskal Herriko paisaietan zer aldatu da?
Horiei eta beste hainbat galderari erantzunak emateko aukera jarri berri du abian Google Earthek, Timelapse izeneko funtzioari esker. Funtzio horri esker munduko edozein puntuk izan duen eboluzioa ikus dezake erabiltzaileak; 1984. urtetik hasi eta, urtez urte, 2020ra arte.
Webguneak berak azken hamarkadetan nabarmenak izan diren hainbat gertakari proposatzen dizkigu, mota ezberdinetakoak. Besteak beste, Alaskako (AEB) Columbia glaziarraren desegitea, iaz zabaldu zen Berlin-Brandenburgo aireportuaren eraikuntza, Aral itsasoaren azaleraren murrizketa (Kazakhstanen eta Uzbekistanen), Dubaiko kostaldearen urbanizazioa edota Australiako suteek eragindako deforestazioa.
Googlek lehendik ere eskaintzen zuen funtzio hori, baina bi dimentsiotan soilik. Enpresako ordezkariek azaldu dutenez, «3Dak esperientzia hobea izatea eragin du, sinesgarriagoa. Larrialdi klimatikoa gure begiekin ikus dezakegu orain». Horretarako, haien arabera, satelite bidez eskuratutako datu kantitate handi bat ulertzen erraza den irudi batean jarri dituzte.
Adibideak
Google Earthek berak proposatutako adibideak ikusgarriak dira, baina Euskal Herrian ere izan dira aipatzeko moduko aldaketak, satelite bidez ikus daitezkeenak. Haietako batzuk bildu ditugu:
Bilboko Portua. Bilboko Portua Ibaizabal ibaiaren hasieran zegoen lehen. Garai hartan superportu deitzen zitzaionaren lanak 1985. urtean hasi ziren, eta 1994an amaitu zuten lehen fasea. Ordutik, ordea, hainbat aldaketa egin dituzte, eta nabarmen handitu da portua.
Iruñerria. Azken hamarkadetan Euskal Herrian gehien handitu den hiriguneetako bat da Iruñerria. Nabarmen ikus daiteke hori Timelapse-k eskaintzen dituen irudietan.
Dubaiko kostaldearen urbanizazioa. Arabiar Emirerri Batuetako hiriburua urbanizatzen diru asko gastatu dute azken urteetan. Satelite bidez ere ikus daiteke hori.
Aral itsasoa, lehortzen. 1960ko hamarkadatik, Aral itsasoaren azalera asko murriztu da, bertara isurtzen diren ibaien isuraldatzeak direla eta. Izan ere, Sobietar garaian, Amu Daria eta Sir Daria ibaietako ura Uzbekistan eta Kazakhstango lurrak ureztatzeko bideratzen hasi ziren. Horrez gain, armagintza, industria eta ongarri isurketengatik itsasoa oso kutsatuta dago.
Australian, suteak. Suteek kalte izugarriak eragin dituzte azken urteetan Australiako basoetan.