Galdakaoko Iker Lima euskal presoaren lagun batek auto istripua izan zuen atzo, Leonetik (Espainia) bueltan zetorrela. Etxetik 370 kilometrora dago espetxeratuta Lima, baina ezbeharra etxetik gertu gertatu zen Iruñea inguruan, Zuastiko ordainlekua pasatu eta kilometro eskasera.
Presoaren lagunak ez zuen kalte fisikorik pairatu. Orkatz bat atera zitzaion errepidera, eta hura jo zuen furgonetarekin.
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, presoen senide eta lagunek aurten izan duten bigarren istripua da. Elkarteak gogorarazi du «euskal presoak gero eta gertuen diren espetxeetara» hurbiltzen ari direla, baina, hala ere, ezin dela ahaztu bisitak egiteko errepidera ateratzen direnean «arriskuak berdin mantentzen direla»: «Horregatik, berriro diogu preso guztiak Euskal Herrira hurbildu behar direla lehenbailehen».