EUSKAL PRESOAK

Espetxeetako hormen «pitzaduran» sakontzera deitu du Sortuk

Manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean.

jon olano
2021eko apirilaren 17a
13:06
Entzun

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Sortuk manifestazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostian eta Bilbon eguerdian egin dituzte, eta arratsaldean egin dituzte Iruñean eta Gasteizen. Donostian, 2.500 herritar inguru batu dira, bi ilaratan, dozenaka ikurrinaren artean eta Askatasuna lelopean, Alderdi Ederretik Saguesera arteko bidea egiteko.

Amaieran, Hasier Altuna Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak hartu du hitza, eta dei egin du espetxe politikan irekitako «pitzaduran» sakontzera: «Espetxeetatik, kaletik, erakundeetatik egindako borrokak emaitzak ekarri ditu, eta blokeoa haustea lortu dugu». Altunaren hitzetan, azken hilabeteetan, espetxe politika «apur bat humanizatu da gerturatzeen, isolamenduaren amaierararen edo bigarren graduen areagotzearen» bidez: «Pitzadura bat eragin diogu espetxeko hormari, baina oraindik benetako zuloa egiteko lan eta borroka handia egin beharra daukagu, espetxetatik, kaletik zein instituzioetatik».

Izan ere, Altunak adierazi du ezin dela «lasaitu», eta «orain arteko ahalegina biderkatzea» dagokiela: «Helburua argia da: orain, pitzadura handiago bat eragin behar diogu hormazar horri, presoak etxera bidean jarri nahi baditugu; berandu baino lehen preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak estatuen atzamarretatik askatu ahal izateko».

Gainera, gatazkaren politikotasuna nabarmendu du Altunak, eta azaldu gatazka politikoak «bere horretan» jarraituko duela presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratuta ere: «Baina ez izan dudarik guztiak etxeratuta Euskal Herriaren askatasuneranzko bidea azkartzea lortuko dugula, eta gurekin izango ditugula Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan, Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokan». Eusko gudariak abestuz amaitu da manifestazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.