Euskaltel

Urkulluk ziurtatu du Euskaltelekin gertaturikoa ezin zela eragotzi

Uste du onuragarria izango dela telekomunikazioen euskal sarea berritzeko. Oposizioak gogor kritikatu du enpresa sortu zenetik Jaurlaritzak nola jokatu duen.

Iñigo Urkullu lehendakaria, ostiral honetan, legebiltzarreko kontrol saioan. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 16a
17:03
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi du MasMovilek Euskaltel erosi izana «hazteko aukera bat» dela euskal enpresarentzat eta lurraldearen digitalizazioan, eta ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak lan egingo duela enpresaren errotzea -egoitza soziala eta enplegua mantentzea- bermatzeko, jabe berriak hitzemandako bost urteetatik haratago. Hala ere, aitortu du bere gobernuak ezin duela «ezer bermatu», baina ziurtatu du eginahalak egingo dituela enpresarentzat «erakargarria» izan dadin «Euskadin jarraitzea». Azpimarratu du ez diola uko egingo «inolako lankidetza formulari», baina gaineratu du ez dela Euskaltelen akziodun izango, ez duelako halakorik egiten burtsan kotizatzen duten enpresetan, ez duelako horretarako gaitasun finantzariorik ere.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak eta Carmelo Barriok PPkoak galdera bana egin diote lehendakariari Euskaltelen erosketaz eta horrek izan ditzakeen ondorio ekonomikoei buruz. Euskaltelekin gertatu dena saihetsezina dela adierazi du Urkulluk. Azaldu du telekomunikazioen merkatu globalak ezartzen dituen baldintzek enpresa handiagoak eskatzen dituztela, eta ziurtatu du Euskaltelek zailtasunak zituela joko zelai horretan lehiatzeko, beharrezkoak diren inbertsioak egiteko, bereziki 5G sarean.

«Prozesu honek Europako merkatuan aktore garrantzitsuen parte izatea eskatzen du; liga horretan jokatu nahi dugu: ez lehenengo mailan, ohorezko mailan baizik. Euskaltelek eta MasMovilek ohorezko maila honetan jokatzeko aukera dute, eta hori positiboa izango da Euskadirentzat». Lehendakariaren hitzetan, erosketaren ostean sortuko den «operadore handi eta indartsuak» digitalizazioaren euskal sektoreari lagunduko dio.

Jaurlaritzaren jokabidea, ezbaian

Iker Casanova bereziki kritiko azaldu da salmenta operazioarekin. Ziurtatu du Euskaltelek independentzia osoa galduko duela, eta «Jerseyn egoitza duten jabe batzuen» esku geratuko dela. Jaurlaritzak Euskaltel sortu zuenetik gaur egun arte izan duen jokabidea zalantzan jarri du, hainbat etapatan bere erabakiekin bide eman duelako enpresak euskal administrazioen eta akziodunen kontroletik ihes egiteko. Lehendakariak erantzun du Jaurlaritzak beti defendatu duela Euskaltel, eta hala egingo duela aurrerantzean ere.

2012an geratzen zitzaizkion azken akzioak saldu ondoren, zeharka bada ere, kontrol publiko bakarra Kutxabanken bitartez zuen. Bankuaren konpromisoa nabarmendu du Urkulluk, orain bere partaidetza guztia MasMovili salduko dion arren. Urkulluren arabera, «Europako legediak ahalbidetu dionaren barruan» jokatu du beti bankuak.

Kontrol publikoaz

Horrekin batera, Euskaltel enpresa pribatu bat dela azpimarratu du, eta hala izan dela hasieratik, nahiz eta administrazioek %40ko partaidetza izan duen eta gerora Euskalteli salduko zion sarea %100ean diru publikoarekin sortu zen. Horren harira, enpresaren akzioen edo sarearen salmentak defendatu ditu lehendakariak, Jaurlaritzarentzat diru sarrera handiak ekarri zizkiolako, diru hori krisi garaietan erabiltzeko.

Ildo horretan, EH Bilduri ohartarazi dio «errotzea ez dela inposatzen, ez dela lortzen kapital edo kontrol publikoaren bidez». «Sektore pribatuarekin proiektu bateratuak garatuz lortzen da; ekosistema zientifiko, teknologiko eta enpresariala sortuz. Eta Euskadin urteak daramatzaten eta herri honen alde egiten jarraitzen duten multinazionalen adibide asko ditugu», azpimarratu du Urkulluk.

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak, bestalde, salatu du Euskaltelekin gertatutakoak agerian uzten duela «Eusko Jaurlaritzaren ahultasuna gai ekonomiko garrantzitsuetan». «Egia da telekomunikazioen sektorea kontzentrazio prozesu batean dagoela, baina egia da baita ere gure ekonomiaren ahultzearen arriskuak agerian geratu direla».

Barriok inprobisazioa eta noraeza nabari ditu gobernuan, eta enpresa handien errotzea helburu duen Finkatuz funtsarekin asteon egin duen urratsa gogoratu du. «Badirudi gobernua kezkatuta dagoela Euskaltelen xurgapenarekin eta, itxuraz behintzat, erreakzionatu egin nahi duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.