Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordio bat lortu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketari lotutako eskumenen, errepide garraioaren, ISSN kode bibliografikoaren eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskualdaketa gauzatzeko. Transferentzien Batzorde Mistoa maiatzaren 10ean bilduko da, akordio hori izenpetzeko, baina kartzelen arloko eskumenen eskualdaketak urriaren 1etik aurrera gauzatuko dira. Zergatik urriaren 1etik aurrera? Olatz Garamendi Autogobernu sailburuak azaldu duenez, «lan handia» egin behar delako transferentzia prozesu horretan, eta «ongi egin behar» delako: «Nominak formalizatu, espedienteak lekualdatu...».
«Pozarren egoteko eguna da autogobernuan sinesten dugunontzat», esan du Garamendik: «Pozik nago, gizartearekin hartutako konpromisoaren zati bat bete dugulako. Aurrerapauso handia da autogobernuaren ikuspegitik, alde biko negoziazioaren fruitua». Era berean, azaldu du ez diotela uko egiten lantzen ari diren gainerako gaien inguruan ados jartzeari: «Ez diogu aterik itxiko hemendik maiatzaren 10era arte akordio gehiago lortzeari lantzen jarraitzen ari garen beste edozein gairen inguruan, hala nola immigrazioaren edo aldiriko trenbideen inguruan».
Norabide berean mintzatu da Erkoreka: «Egun garrantzitsua da Euskadirentzat. Gernikako Estatutuan aurreikusten diren materien artean, giltzarrietako bat da espetxeena». Are, «urrats erraldoitzat» jo du. Gainera, balioa eman dio adostasunari eta itunaren formulari: «Ituna da bidea. Ez da soilik gure eredu historikoa: eredu arrakastatsua ere bada».
1. Espetxeak
Josu Erkoreka lehendakariordeak eta Garamendik berak eman dituzte azalpenak, presazko agerraldi batean. Garamendiren hitzetan, espetxe eskumenen eskualdatzeak «esan nahi du Euskadik bere gain hartuko dituela estatuko legeria betearazteko zerbitzuak». Gaitasun horien gastua aintzat hartuta, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari ordaindu beharreko kupotik 70 milioi euro inguru deskontatuko dituzte, eta aurrekontuetan sartuko da, funtzio guztiak finantzatu ahal izateko.
Jaurlaritzaren arabera, 1.300 preso inguru geratuko dira Jaurlaritzaren ardurapean. Langileei dagokienez, 700 baino gutxiago dira. Garamendiren hitzetan, Jaurlaritzak euskal funtzio publikoan sartuko ditu, eta bere gain hartuko ditu nominak, eta errespetatuko dira orain arteko eskubideak. Gainera, Martuteneko kartzelaren kasuan, Jaurlaritzak espetxe zaharra itzuliko dio Madrili Zubietako presondegi berria prest dagoenean, eta berriaren titulartasuna hartuko du.
«Estatutuan jasotako hitzetatik errealitatera joan gara, ekintzetara. Euskadi prest dago eskumen hau jasotzeko», esan du Erkorekak, eta gaineratu transferentzia bat ez dela esku aldaketa huts bat: «Aukera bat da, hobetzeko, eredua aldatzeko». Lehendakariordearen hitzetan, Jaurlaritzak espetxe eredu propio bat diseinatua du, «hiru b-etan oinarrituta: birsozializazioan, berreziketan eta birgizarteratzean».
2. errepide garraioa.
Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan igarotzen den errepideko garraioaren antolamendua, koordinazioa, ikuskapena eta kontrola ere eskuratuko du Jaurlaritzak, eta baita «bertatik igaro gabe Euskadin jatorria eta helmuga dutenak ere». Laburbilduz, bere gain hartuko ditu «garraio operadorearen baimenaren kudeaketa, garraio kontzesioak ematea eta kudeatzea, eta lanbide gaitasuneko azterketak kudeatzea». Arabako lurraldea funtzio horietako batzuk betetzen ari da jada 1950eko foro hitzarmen bati esker, eta orain lortutako hitzarmenak aurreikusten du Arabako Foru Aldundiarekiko ezarritakoa parekatzea Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundientzat, Arabako hitzarmena eguneratzeaz gain. Eskualdatzeak eragina izango du aldundiekin hitzarmenak sinatzen diren unean.
3. ISNN
Argitalpen seriatuak identifikatzeko nazioartean ezaguna den zenbaki bat da ISNN kode bibliografikoa. Kudeaketa Espainiako Liburutegi Nazionalaren esku egon da orain arte, eta eskualdaketa sinatu ondoren eskumena euskal administrazioaren esku geratuko da. Jaurlaritzak funtzio hauek eskuratuko ditu: editoreen eskaerak jasotzea; interesgarritzat jotzen den lege gordailu bidez sartzen diren tituluak hautatzea; dokumentazio guztia baliozkotzea eta egiaztatzea; eta ISSNa esleituta duten aldizkako argitalpenak katalogatzea.
4. Ondarroako Itsas Barrutiko eraikina.
Estatuaren titulartasunekoa den Ondarroako Itsas Barrutiko eraikina Jaurlaritzaren eskuetara pasatuko da transferentzia sinatzen denean. «Akordioa itxita dago eta horri esker Ondarroako portua biziberritzeko lanak bururaino gauzatu ahal izango dira», zehaztu du Garamendik. Eraikina eraitsi egingo da behin Jaurlaritzaren esku geratzean, gune horretan biribilgune bat eta kamioiak kargatzeko portutik irteteko sarbidea egitekoak baitira.
Egutegia
Gernikako Estatutuaren arabera Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumen gehienak eskualdatzeko negoziazioetan ari dira bi gobernuak. Egutegi bat ezarri zuten iazko udazkenean, eta, horren arabera, Jaurlaritzak martxorako bere esku behar zituen lehen blokeari zegozkion 11 eskumenak.
Sorta horretan, Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) espetxeen kudeaketari buruzkoa da pisu politiko handiena duen eskumena. Bi gobernuek abenduaren 30ean adostu zuten zirriborro bat, baina akordioa erabat ixtea kostatu zaie azken asteetan. Duela hiru aste, Garamendik azaldu zuen «letra txikiarekin» ari zirela eta negoziazioa «aurreratuta» zegoela. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, astelehenean adierazi zuen aste hau «erabakigarria» izango zela lehen blokearen transferentzia adosteko prozesuan.
Espetxe eredua
Espetxe eskumenaren kasuan, gobernuak zehaztua du Jaime Tapia epailea izango dela espetxe eredu berrirako aholkularia, eta sailburuordetza baten maila izango duela.
Neurri batean, espetxe eredu hori diseinatzeko oinarriak ezarriak ditu Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak 2019ko martxoaren 13an eginiko osoko bilkura monografikoan ezarri baitzituen eredu horretarako puntu batzuk. 59 puntu adostu zituzten, eredu berriaren «oinarria» definitzeko. Besteak beste, adostu zuten espetxe eredua «giza duintasunean zentratu» behar dela, «espetxe erabilera gutxitzean eta zigortutako pertsonen gizarteratzean, askatasuna kentzen ez duten neurri eta erregimenen areagotzean». Gaur bertan, Erkorekak gogora ekarri du eztabaida monografiko horretan oinarri batzuk ezarri zirela.
Gainera, Jaurlaritzak berak Euskadin espetxe eredu bat ezartzeko ildo estrategikoen proposamen teknikoa dokumentuan jasoak ditu espetxe eredu berriaren zenbait helburu: 100.000 biztanleko preso ratioa 40tik behera murriztea, erregimen irekian dauden presoen portzentajea %25etik %40ra haztea, eta delituak berriro egiten dituztenen ehunekoa %45etik %30era apaltzea.