Espainiako Espetxe Erakundeek lau euskal preso Euskal Herriratuko dituztela iragarri dute gaur, eta bi hurbilduko dituztela. Euskal Herriratuko dituztenen artean, gainera, hirugarren gradua emanen diote bati: Asier Bengoa Lopez euskal presoari, hain zuzen. Darocan dago gaur egun Bengoa (Espainia, 345 kilometro), eta Arabako espetxera ekarriko dute orain, baina kalera ateratzeko aukerarekin.
Euskal Herriratuko dituzten bertze hirurak Igor Martinez de Osaba Arregi, Ugaitz Perez Zorriketa eta Garikoitz Arruarte Santa Cruz dira: Martinez de Osaba ere Zaballara ekarriko dute, Zueratik (Espainia, 245 kilometro); Perez Zorriketa Basaurira ekarriko dute (Bizkaia), Logroñotik, eta Arruarte Iruñera ekarriko dute, Soriatik (Espainia, 260 kilometro).
Bertze bi euskal preso hurbilduko dituztela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek, gainera: Gregorio Eskudero Dueñasera eramanen dute (Espainia, 310 kilometro), eta Itsaso Zaldua, Villabonara (Espainia, 385 kilometro). Eskudero Teixeiron dago gaur egun (Galizia, 600 kilometro), eta Galizian dagoen azken euskal presoa da: hura hurbilduta, beraz, ez da euskal presorik geldituko Galiziako kartzeletan. Zaldua, berriz, Topasetik mugituko dute (Espainia, 460 kilometro).
Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, Martinez de Osaba 2000tik dago preso, eta 30 urteko zigorra du; 2023ko maiatzean beteko ditu hiru laurdenak. Perez Zorriketa 2002tik dago espetxean, eta 25 urteko zigorra du; abuztuan beteko ditu hiru laurdenak. Arruartek hogei urteko zigorra du. Zaldua oraindik ez dago zigortua —iaz atxilotu zuten—, eta Asier Bengoa 2019tik dago Espainiako Estatuko espetxeetan, orduan Espainiaratu baitzuten Frantziako Estatutik. Zazpi urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri zioten Espainian.