Ikus-entzunezkoak

Burutik taldeak itxi du 'At' websailaren lehen denboraldia

Ordu laurdeneko bideoetan, Euskal Herrian barna furgonetan egindako bidaiak jasotzen ditu websailak. Barruan, gazte sortzaileak aritzen dira hizketan, eta emanaldi artistikoak ere egiten dituzte.

2021eko apirilaren 15a
19:42
Entzun

Gazte sortzaileak gertutik ezagutzeko bide bat ireki du At websailak. Furgoneta batean sartu, eta, buelta bat ematen duten bitartean, haien bizipen eta burutapenak kontatzen dituzte, natural, eta, bidenabar, kantu pare bat jo, edo haien lana erakutsi, edozein dela ere bakoitzaren diziplina.

Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bidez sustatutako ikus-entzunezko proiektu bat da At, Katubi etxeak ekoitzia. Lehen denboraldia amaitu da, eta lau atal izan ditu, protagonista banarekin: Nogen, Maddalen Arzallus, Martxel Rodriguez eta Burutik. Lau bideoak albistearen barruan daude ikusgai.

Asier Caponek eskusoinua jotzen du Burutik taldean, eta Luar Alberdik, berriz, gitarra, kantatzeaz gain. Iaz atera zuten lehen diskoa: Paradisua. Erromerian ibiltzen ziren hasieran, kantuen bertsioak joaz. Konposatzeari ekin zioten gero, eta erabaki zuten euskara hutsez idaztea abestien hitzak. Hala, rock disko bat sortu dute azkenean. Gaztetxotatik jo izan dute musika, eta urte batzuk daramatzate taldean. Talde bizitzaz gozatzeak duen garrantzia nabarmendu dute Alberdik eta Caponek. Artaxoako Zerkoan (Nafarroa) izan dira.

Martxel Rodriguez dantzari lesakarraren ustez, gorputz guztiek dute mugitzeko beharra, baita dantzatzeko gaitasuna ere: «Dantza, modu orokorrean ulertuta, denok barrenean dugu, erritmoa barrutik hasten zaigu». Gerokoak dira aurreiritziak eta tabuak, pertsona batzuek dantza egiteari uztea eragiten dutenak. Ekhiñe Zapiain bertsolariak dantzarako gai bat proposatu dio bideoan, eta horri buruz aritu da Rodriguez, librean.

[youtube]https://youtu.be/NGYaGvX-KcQ[/youtube]

Maddalen Arzallus bertsolaria Mahai-harriaren inguruan izan da, Lizuniagan (Lapurdi), Bera (Nafarroa) eta Sara (Lapurdi) artean. Telebistako eta irratiko lanari eta horrek eragindako kezkei buruz hitz egin du, baita Instagramen nabigatzeari buruz ere. Hitzak lagundu dio hari bere bide artistikoa egiten; euskarazko hitzak, hain justu. Horrek berezi sentiarazi izan du beti.

[youtube]https://youtu.be/Fx_JQA0E-NY[/youtube]

Nogen taldeko bi kidek, Alex Irazusta gitarristak eta Eider Saez abeslariak, taldearen barneko bizitzari buruzko kontuak esan dituzte: nola egiten duten lan, zer egiten duen bakoitzak... Eta etxeko istorioren bat ere atera dute argitara: konfinamendua bideo-jokoekin arindu zutenekoa, esaterako. Kristobaldegira gidatu dute furgoneta, Donostiara.

[youtube]https://youtu.be/SrOz402XkxA[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.