Argazkilaritza

Aitor Garmendiak World Press Photoren hirugarren saria jaso du

Espainiako txerri haztegi batzuetan egindako argazki sorta batengatik saritu dute: Inside the Spanish Pork Industry: The Pig Factory of Europe.

Txerri haztegi bat. AITOR GARMENDIA
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 15a
16:50
Entzun

World Press Photo fundazioaren lehiaketara 74.500 argazki aurkeztu dituzte aurten. Munduko argazkilari onenek aurkezten dituzte bertan lanak, eta sarietako bat Aitor Garmendiarentzat izan da: ingurumenaren ataleko istorioetan, hirugarren saria. Gaztela-Mantxan (Espainian) ateratako argazkiek txerri haztegien errealitate gordina erakusten dute. Garmendiak honela esan zion BERRIAri duela egun gutxi: "Debekatuta dago modu librean instalazio horiek bisitatzea; hortaz, ezkutuan sartzea baino ez zitzaigun geratzen". Hala, 32 txerri ustiategitan gauez eta baimenik gabe sartu zen argazkilaria, eta horren fruitu dira argazkiak.

Aktualitateko gaietan edo lan garaikideetan, lehen sariak Argentinako Pablo Toscorentzat (Yemenen ateratako argazkiarengatik) eta Errusiako Alexey Vasilyeventzat (Sakha herrialdean aterako argazkiengatik) izan dira; Ingurumeneko lehen sariak honako argazkilariek irabazi dituzte: AEBetako Ralph Pace eta Brasilgo Lalo de Almeida; albiste orokorren kategorian, beste hauek irabazi dute lehen saria: Danimarkako Mads Nissen eta Errusiako Valery Melnikov; luzerako proiektuetan, hau izan da garailea: Italiako Antonio Faccilongo; naturari eskainitako kategorian, irabazleak AEBetako Ami Vitale eta Herbeheretako Jasper Doest izan dira; erretratuetan, garaileak Errusiako Oleg Onomarev eta Italiako Gabriele Galimberti izan dira; eta kiroletan, lehen sariak Australiako Adam Prettyri eta Kanadako Chris Donovani eman dizkiete; spot news edo unean uneko albisteetan, berriz, AEBetako Evelyn Hockstein eta Italiako Lorenzo Tugnoli izan dira garaileak.

64. urtea da World Press Photo sariak ematen dituztela. Munduko 130 herrialdetako 4.135 argazkilarik parte hartu dute aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.