ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Uztailaren 3an Bilbon mobilizatzera deitu du Gure Esku-k

Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk azaldu dute ez dutela «estatuek baldintza lezaketen aterki juridiko huts bat nahi, erabakitzeko tresnak» eskuratzea baizik.

Gure Esku-k iaz ekainean Bilbon egin zuen ekitaldia, 'Hemen erabaki, herritarrok erabaki' lelopean. ARITZ LOIOLA, FOKU
jon olano
2021eko apirilaren 15a
11:33
Entzun

Gure Esku-k mobilizazio ziklo bat abiatuko du datozen asteetan; «datozen 11 asteetarako, apal hasi eta —egoera epidemiologikoa nabarmen okertu ezean— gorantz egingo duen mobilizazio dinamika bat» iragarri du gaur, Donostian eginiko gosari informatibo batean. Dinamika horrek data nagusi batzuk izango ditu: lehena, asteburu honetan bertan; erreferendumaren aldeko sinadura bilketa «masiboa» sustatzeko, herriz herri kalera irtengo dira. Maiatzaren 22an, herri eta eskualdeetan ekintza ugari antolatuko dituzte, eta uztailaren 3an, Bilbon ibaiaren inguruan mobilizatzera deitu dute. Datozen asteetan emango dute xehetasun gehiagoren berri, baina ziurtatu dute «uneak eskatzen dituen neurri guztiak» hartuko dituztela osasuna zaintzeko.

Estatus politikoari buruzko erreferendumaren aldeko sinadurak biltzen ari da Hamaika Gara egitasmoa —tartean, Gure Esku—, eta bultzada bat eman nahi diote datozen asteetan. Horretarako, herritar bakoitzari erronka bat jarri diote: gaurtik aurrera gutxienez 11 sinadura biltzea. «Sinadura bilketa hau masiboa izan dadin, ahalik eta jende gehien bilakatu beharko da, neurri handiago ala txikiagoan, sinadura biltzaile. Horrenbestez, ez genuke nahi katea sinatzaileengan eteterik; erreferendumaren aldeko manifestua sinatzen duen pertsona oro beste jende batengana iristeko katebegi izan dadin nahiko genuke», Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileek azaldu dutenez.

Horri lotuta, hiru urrats ezarri dituzte erronka batetzeko: lehenik, Hamaikagara.eus webgunean sartu eta erreferendumaren aldeko manifestua sinatzea; bigarrenik, kanpainaren eskumuturreko bereizgarria eskuratzea; eta hirugarrenik, 11 lagunek, gutxienez, manifestua sinatu eta erronkarekin bat egin dezaten lortzea. Eskumuturrekoa BERRIArekin eskuratu ahal izango da asteburu honetan, kioskoetan.

«Burujabetza falta»

Egoera politikoaren analisia ere egin dute Alvarezek eta Etxaburuk, eta nabarmendu dute Euskal Herriaren «burujabetza falta». Bi adibide jarri dituzte: bat, txertoekin «gertatzen ari den bidegabekeria». Izan ere, galdera bota dute: «Inori zilegi iruditzen zaio industria farmazeutikoek txertoen patenteei eutsi eta mundu osoan ekoiztu eta hedatzea galaraztea? Zergatik onartzen dugu? Burujabetza galera ikaragarria da halako erabakiak eskukada bat enpresaren esku uztea».

Bestalde, maiatzaren 9an iraungitzekoa den alarma egoerari erreparatu diote: «Zer berme izango dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak salbuespenezko neurriak ezartzen jarraitu ahal izateko? Badirudi arduradun politikoak Madrilera begira daudela, beren balizko erabakiei babes juridikoa emango ote dieten zain». Gure Esku-k argitu du beren aldarriekin bat egiten dutela, baina «kezkagarria» iruditzen zaiela «egoera horretara iritsi izana».

Hortaz, uste dute, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak osasun arloko eskumenak izanagatik, osasun krisia kudeatzeko «konpetentzia osoa» ez izatea «autogobernuaren mugen erakusle argia» dela: «Premiazkoa iruditzen zaigu bertako legebiltzarrek ekimen handiagoa hartzea dagozkigun konpetentziak erabiltzeko legedia garatzeko garaian».

Adibide horiekin, ondorioztatu dute COVID-19ak eragindako krisiari erantzuteko, «erabakitzeko ahalmena» behar dela, eta hala ulertu dutela, esaterako, Eskozian, Irlandan eta Galesen: «Edozein gai edo auziri buruzko erabakiak hartzeko gai izan beharko genuke, baita gure lurraldearen etorkizun politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez hautatzeko ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.