Eusko Jaurlaritzak erakunde publikoetako langileen artean banatu dituen maskaren artean grafenodunak daude, eta, orain, horiek ez gehiago banatzea erabaki du. Osagai horren gaineko arriskuaren ohartarazpenak jaso dituela esan du, eta horregatik hartu duela erabakia. Besteak beste, osasun langileei, ertzainei eta irakasleei banatzeko erabili ditu Jaurlaritzak maskara horiek. Banatutakoak erretiratzera ere egingo du orain Jaurlaritzak.
Aditzera eman duenez, maskara horien arriskuari buruzko abisua Espainiako Osasun Ministerioaren bidez jaso dute, eta Kanadatik dator, hango osasun agintariek egindako ohartarazpen batetik. Espainian botikak eta osasun produktuak onesten dituen AEMPS erakundea alerta hori aztertzen ari dela esan dute Jaurlaritzako iturriek, eta han adierazten dutenaren arabera erabakiko dutela hemendik aurrera maskara horiekin nola jokatu,.
Zehazki bi maskara mota erretiratu ditu Jaurlaritzak. IIR maskara kirurgikoa, eta Healfiber FFP2 maskara. Biak dira Shandong Shengquan ekoitziak; lehena Amevisa S.A.U. enpresak banatu du, eta bigarrena Iturri S.A.-k.