Apirilaren 14 izaki, 63 urte beteko zituen Jose Miguel Etxeberria Naparra-k. 1980ko ekainaren 11n ikusi zuten azken aldiz bizirik Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea. Ziburun zuen hitzordu batera atera zen egun hartan, eta ondorengo egunetan Batallon Vasco Españolek aldarrikatu zuen hilketa, baina gorpua ez zen aurkitu. Haren desagerpenetik, 41 urtez, sendia etengabe ibili da haren arrastoen bila. Eneko Etxeberria Naparraren anaiak Nafarroako Parlamentuari eskatu dio dagozkion eskumenen barruan ahal duen guztia egin dezala Naparraren arrastoak aurkitzeko, batik bat Mont-de-Marsan inguruan (Okzitania, Frantzia) egitekoak diren bigarren araketa ziurtatzeko.p>
Horrekin batera, legebiltzarrari galdegin dio Espainiako eta Frantziako estatuak premiatu ditzala kasua argitu dadin. Halaber, eskatu du Naparra biktima gisa aitortua izan dadila, Espainiako Terrorismoaren Biktimen Legean jasotako memoriaren, egiaren, duintasunaren eta justiziaren printzipioekin bat eginez. Azkenik, Nafarrroako Gobernuari eskatu diote aitortza horretan «parte aktibo» izateko: «Giza eskubideen urraketa hori gaur egun ere gauzatzen ari da, indarrez behartutako desagerpen bat izan zelako».
Etxeberria sendia bigarren aldiz izan da parlamentuan. Lehen aldia 2015eko otsailean izan zen, eskuin muturreko taldeen eta polizien biktimen 2015ko legearen tramitazioan. Orduko hartan bezala, aurretik beste agerraldi bat izan da 1978ko sanferminetako gertaeren inguruan. Etxeberriak sei urte luzeotan izandako nondik norakoen berri eman die taldeei.
Kasuaren sei urteko ibilbidea
41 urtez, ibilbide judizial luzea izan du auziak, baina kasua berriz ireki zen 2016ko udazkenean, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko 5. auzitegiko magistratuaren aginduz. Francisco Arnau de la Nuez CESIDeko agente ohiak Iñaki Errazkin kazetariari adierazi zion Etxeberriaren arrastoak Mont-de-Marsanetik gertu zirela, Brocasetik Labriterako errepide ondoan dagoen zuhazti baten. Francisco Etxeberria auzitegi medikua eta Iñigo Iruin abokatua bertaratu, eta indusketa egiteko kokagune zehatzari buruzko bi hipotesi helarazi zizkioten auzitegiari. Miaketa haren ondotik ireki zen auzia, eta, lehen eskaera baten ostean, 2017ko apirilaren 4an bost orduz jardun zuten tokietako batean bila. Ez zuten aurkitu. 2018ko martxoan, auzia artxibatzea erabaki zuen Morenok, baina, helegitea jarri ondotik, Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko bigarren aretoak ikerketarekin jarraitzeko eskatu zion Morenori.
Bigarren araketa ez da oraindik egin, eta Etxeberriak salatu du lehena eskatu zenetik egin zeneraino «zazpi hilabete» pasatu zirela baina orain hiru urte iragan direla. Gogora ekarri du epe horretan bere ama Celes Alvarez semearen arrastoak aurkitu ezinaren min horrekin hil zela, eta aurretik aita ere bai. Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak landutako txostena helarazi zion sendiari. Gainera, iazko otsailean, Nazio Batuetako lan talde batekin bildu zen sendia Genevan, kasuaren inguruko lehen eskuko informazioa emateko asmoz.
Era berean, Iñaki Alforja eta Lucia Ezker lantzen ari diren Bolante baten istorioa dokumentuaren aurrerapen bat eman dute. Bai agerraldian eta bai dokumentalean, agerian geratu dasendiarentzat «harlauza bat» dela desagerpena. Halaber, berriki, Jon Alonso idazle iruindarrak Naparra. Kasu irekia liburua argitaratu du, eta agerraldian ere izan da.
Talde guztiek adierazi dute sendiaren sufrimendua ulertzen dutela, eta aitortzaren bidetik jarraitzeko konpromisoa adierazi. Uxue Barkosek Naparraren memoriaren duintasuna aldarrikatu du. EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, «benetako gurutzebidea» jasaten ari da sendia. PSNko Inma Juriok dolua egiteko beharra azpimarratu du. Navarra Sumako Isabel Olabek adierazi du ulertzen duela haien sufrimendua, eta egiarako eskubide osoa dutela. Haren hitzetan, zuzenbide estatuak huts egin die, baina, haien sufrimendua ulertuagatik, erantsi du bere taldeak ez duela parte hartuko haren aitortza ekitaldian, Jose Miguel Etxeberria «biktima izan aurretik Naparra ere izan zelako, erakunde terrorista bateko kide izan zelako».
Adierazpen horri erantzunez, hitz batzuk zuzendu dizkio Amaia Irigoienek, Eneko Etxeberriaren emazteak: «Ez dut halakoetan parte hartzen, baina gauza batzuek min ematen dute. Hitz egiten ari zinela, ama Celes etorri zait gogora. Hark esaten zigun pala bat hartu eta Frantziara joateko, eta edonon bilatzeko. 80 urtetik gora zituen. Ez dugu omenaldirik nahi. Jose Miguelen gorpua aurkitu nahi dugu. Biktimak guztiak dira. Gorpua baden kasuetan, sentitzen dut haien mina, datorren tokitik datorrela; erabateko enpatia dut terrorismo kontu batengatik sufritu duten guztiekiko, baina gorpurik ez badago, inork ezin dezake jakin zer den. Zure semea edo anaia istripu batean hiltzen bada, sufrituko duzu, baina dolua izango duzu; zure anaia edo semea desagertu eta gorpurik agertzen ez bada, inork ez badaki non dagoen edo ez badu esan nahi, dolua ez da pasatzen. Politikoki iraganeko kontuez hitz egiteari utzi behar dugu, eta benetan erakundeetatik egin daitekeen guztia egin, gorpua aurkitzeko eta egia izateko. Horrela pasatuko zaigu dolua, eta harlauza hori gainetik kendu ahalko dugu Enekok, nik eta jada 11 urte dituen semeak».