Espainiako errepublikaren sustatzaileen «balioak» goretsi ditu Urkulluk

Ahal Dugu-k «bi gizarte eredu» nabarmendu ditu Espainiako Errepublikaren Egunean. EH Bilduk nabarmendu du eskuina «askatasun hitza desitxuratzen» ari dela.

Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2021eko apirilaren 14a
13:42
Entzun

Apirilaren 14a da gaur, 90 urte Espainiako Errepublika aldarrikatu zenetik, eta data hori gogoan izan dute eragile politiko ugarik. Besteak beste, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du «gizarte aurrerapenaren eragile izan ziren hainbat balio sozial eta demokratiko indarrean» jarri zituela eta, bost urte geroago, «legezkotasunaren eta indarrean zegoen konstituzio demokratikoaren aurkako estatu kolpe batek errepublikanismoaren balioen garapena eta estatu espainiarreko ideien, sentimenduen eta identitate nazionalen aniztasunari buruzko edozein hausnarketa politiko bertan behera» utzi zituela.

Urkulluren hitzetan, gobernuko bazkide diren EAJk eta PSE-EEk uste dute «errepublikaren garaiko aurrerapenak ahalbidetu zituztenei eta diktadura garaian askatasunaren itxaropenari eusten jakin zuten pertsonei» egin dakiekeen «omenaldirik zintzoena» dela «eurek bultzatu eta babestu zituzten balio sozial eta demokratikoen alde lan egiten jarraitzea».

Aitorpen horrekin, Jaurlaritza honen asmoa da, errepublikaren 90. urteurrena eta 1936ko estatutuaren 85. urteurrena aintzat hartuz, Eusko Legebiltzarrean erabakiko diren ekimenekin bat egitea.

«Bi eredu»

Efemeridea baliatuta, Ahal Dugu-k nabarmendu du ez dela «nahikoa oroitzea edo ospatzea». Izan ere, uste dute gaurko egunak gogora ekartzen duela «guztiz kontrajarriak diren bi gizarte eredu daudela», eta «eredu horiek, besteak beste, estatu motaren mende» daudela: «Gure gizarteak duela urtebete pasatxo imajinaezina zirudien atzerakada historiko bati aurre egin behar dio, eskuin muturrak iraganera itzultzeko erabaki irmoa baitu, nahiz eta gaur egun ere iragan horretatik aldentzen saiatzen ari garen».

Adierazpen batean, Ahal Dugu-k azaldu du «askatasunaren alde borrokatu eta gizarte berri baten oinarriak jarri zituztenen oroimena aldarrikatzeko modurik onena» dela «haien idealetan sakontzea eta justizia sozialaren helburuak gauzatzen saiatzea». Horregatik, argudiatu du alderdiak defendatzen duen errepublikanismoa ez dela «estatu mota bat soilik, ez da monarkiaren kritikara mugatzen, baizik eta gizarte berdinzale baterantz aurrera egiten duen gizarte bat ere bada, non herritarren behar materialak bermatuta dauden».

Arnaldo Otegi, gaur, Eibarren. MAIALEN ANDRES / FOKU

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, berriz, Eibarren (Gipuzkoa) mintzatu da gaiaz; haren iritziz, «erabakiak hartzeko garaia» da, «euskal errepublika batean herritar askeak izateko monarkia ustel baten mendekoak izan beharrean». Era berean, Espainiako Estatuan eskuinak izaten ari diren jarrerari erreparatu dio: «Askatasunaz hitz egiten dute eskubiek munduan. Orain, PPk eta Voxek independentziari eta askatasunari buruz hitz egiten dute Madrilen. Ez da egia; hori ez da askatasuna, hitza desitxuratzen ari dira, diruarekin erosten dena ez baita askatasuna, pribilegioa baizik».

Otegiren hitzetan, eskuinek sinetsarazi nahi dute «askatasunaren aldeko borroka askatasun indibidual eta burgesaren aldekoa» dela; «gu ez gara horren aldekoak, askatasun eta ordena alternatibo baten aldekoak baizik. Guk diogu askatasuna dela berdintasuna, justizia soziala eta komunitatea. Hori da guk haiekiko dugun ezberdintasun nagusia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.