Enpresak

Finkatuz funtsa kudeatzeko sozietate publikoa sortzea baimendu du Jaurlaritzak

Euskal enpresa handietan epe luzerako partaidetzak erosteko da Finkatuz funtsa, haiek Euskal Herrian errotzeko helburuarekin. 160 milioi euroko kapital sozialarekin hasiko da, eta Jaurlaritzaren borondatea da 300 milioi euroraino handituz joatea. Krisian dauden enpresak baztertuko dira, eta «sektore estrategikoak» lehenetsi. Orain arte, soilik CAFen eta Kaikuren akzioak erosi ditu Finkatuz-ek.

Pedro Azpiazu eta Josu Erkoreka sailburuak, artxiboko irudian. DAVID AGUILAR / EFE
Irune Lasa.
2021eko apirilaren 13a
13:31
Entzun

Eusko Jaurlaritzak beste bultzada bat eman nahi dio Finkatuz funtsari, zeinaren xedea den enpresa handien akzio edota zorrak erostea, haiek «hemen errotuta jarraituko dutela eta euskal produkzio ehun osoan trakzio izaera izango dutela bermatzeko». 2019ko uztailean sortu zen funtsa, eta soilik bi erosketa operazio egin ditu bitarte honetan: CAF tren egilearen akzioen %1,24 erosi zizkion Kutxabanki, eta Kaiku elikadura enpresaren %7,3 Ekarpen funtsari.

Besteak beste Euskaltelekin gertatutakoaren harira, badirudi Eusko Jaurlaritzak berriz heldu nahi diela enpresa estrategikoak errotzeko mugimenduei, eta horretarako Finkatuz erabili nahi duela. Adibidez, orain, ITP Aero salgai eta Aernnovak hura erosteko aukera mahai gainean dagoen honetan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak «arrazoizkotzat» jo zuen operazio horretan Finkatuz-ek ITP Aeroren partaidetza bat erostea, aeronautika enpresaren jarduera Euskal Herrian errotzen laguntzeko.

Irizpideak

Bultzada berri horren barruan, gaurko Gobernu Kontseiluan Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio Euskal Finantzen Institutuari sozietate publiko bat eratzeko, Finkatze Kapitala Finkatuz izenekoa. Haren lana izango da Finkatuz funtsa kudeatzea, hasieran 160 milioi euroko kapital soziala duela. Asmoa da legealdian funtsa 300 milioi euroraino handitzea.

Erosketetarako irizpideak ere ezarri dira. Horrela, krisian dauden enpresak baztertu egingo dira. 100 milioi eurotik gorako fakturazioa eta gutxienez 50 langile dituzten enpresak hartuko dira aintzat partaidetzarako, betiere egoitza soziala «Euskadin» duten sozietate edo kooperatibak badira, eta ez badira talde bateko kide.

Sektore batzuk lehenetsiko dira, nahiz eta zerrenda ez den itxia, Jaurlaritzaren arabera: aeronautika, elikadura, automobilgintza, biozientziak, eduki digitalak, ekoindustriak, energia, makinak, produktu eta instalazio siderurgikoa, teknologia elektroniko eta informaziokoak, eta garraioak, mugikortasuna eta logistika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.