FAXISMOA

EAJk, PSE-EEk eta EP-IUk eskuin muturraren erasoak gaitzetsi dituzte adierazpen batean

Indarkeria «inolako proiekturen defentsarako tresna gisa» erabiltzearen aurka agertu dira hiru alderdiak. EH Bilduk ez du testuarekin bat egin, «faxismoa» salatzearekin bat egin arren, «jatorrizko» adierazpena «desitxuraturik» gelditu delakoan, «fokua zehaztu nahi izan ez dituzten bestelako erantzukizunetan ipinita». EAJk «zoru etikoa urratzea» leporatu dio EH Bilduri.

Joseba Diez Antxustegi, Miren Gorrotxategi eta Eneko Andueza, gaur, Eusko Legbiltzarrean. ELKARREKIN PODEMOS
2021eko apirilaren 13a
12:07
Entzun

Eusko Legebiltzarreko EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adierazpen bat adostu dute gaur joan den apirilaren 2an Cartagenan (Murtzia, Espainia) Podemoseko egoitzari egindako erasoak gaitzesteko. Hiru alderdiek salatu dutenez, «pertsonen, erakunde politikoen egoitzen eta hainbat elkarteren» aurkakoak izan ziren erasoak, eta hiru alderdiek «arbuiatu» egiten dituzte «askatasunaren eta aniztasunaren aurkako eraso justifikaezina» diren jokaera horiek. Harago ere jo dute alderdiek, adierazi baitute «indarkeria, mehatxuak edo estortsioa inolako proiekturen defentsarako tresna gisa erabiltzearen aurka» daudela: «Indarkeria ekintza politikorako tresna gisa erabiltzeak ez du lekurik eta ez du lekurik izan behar XXI. mendeko Europan, eta bide baketsuen eta demokratikoen erabilera esklusiboa ezinbesteko agindu etiko eta soziala da». Adierazpenaren arabera, halaber, «askatasuna, tolerantzia, berdintasuna eta aniztasun politikoa» defendatzeko «konpromisoa» berresten dute EAJk, PSE-EEk eta EP-IUk, «alderdi politiko jakin batzuek sistema demokratikoaren funtsezko balioak etengabe zalantzan jartzearen aurrean». EP-IUko Miren Gorrotxategik, PSE-EEko Eneko Anduezak eta EAJko Joseba Diez Antxustegik izenpetu dute testua.

EH Bilduk beste ohar baten bidez jakinarazi duenez, koalizio subiranistak ez du adierazpenarekin bat egin Elkarrekin Podemos-IUk bidalitako «jatorrizko» adierazpenetik «desitxuraturik» gelditu delako. EH Bilduk adierazi du berak ere «argi gaitzesten» dituela «beti pertsona, elkarte eta erakunde politikoen egoitzen aurkako erasoak», eta hala adierazi duela kasu bakoitzean dagozkion instituzioetan, «baita Cartagenako Podemosen egoitzaren kasuan ere». Ohartarazi du «zalantzagarria» iruditzen zaiola «duela ia bi aste» gertaturiko eraso horretaz Eusko Legebiltzarrak irakurketa politiko bat egin behar izatea, baina EH Bildu «prest» zegoela «ariketa» hori egiteko, «faxismoari beti eta leku guztietan aurre egin behar zaiolako». Ordea, EH Bilduk uste du Elkarrekin Podemos-IUk hasieran proposaturiko testuak «helburu argia» zeukan, haren hitzetan: «Eskuin muturraren indarkeria goraldia eta faxismoa zuritzeko saiakerak salatzea, hain zuzen ere». Haren ustez, ez da horrela gertatu azken adierazpenean, «EAJ eta PSEren esku sartzeak eskuin muturraren erantzukizuna difuminatzea ekarri duelako, adierazpenaren fokua zehaztu nahi izan ez dituzten bestelako erantzukizunetan ipinita». Koalizioaren hitzetan, horregatik ez dute izenpetu adierazpena: «Jatorrian zeukan helburuari erantzuten ez diolakoan, EH Bilduk bat ez egitea erabaki du».

Bestelako bertsio bat eman du EAJk: azaldu du akordiotik kanpo gelditu direla EH Bildu, PP eta Vox, eta EH Bilduri leporatu dio «bidelagun horiekin geratu izana, indarkeriaren erabilera errefusatzeari eta alderdi politikoen egoitzen aurkako erasoak gaitzesteari uko» egin diolako: «Arnaldo Otegiri konparazioak gustatzen ez bazaizkio ere, bere ekintzak eta jarrerak bat datoz eskuinekoekin eta eskuin muturrekoekin. Pentsa genezake elkarbizitzatik aldentzeko ahaleginean muturrak ez direla elkarren urrunak», adierazi du EAJk. Jeltzaleen ustez, «batzuek eta besteek, haserrea besterik sortzen ez duten posizionamenduekin, elkar ulertzea zailago» egiten dute: «Ez diote arrazionaltasunik ematen eztabaida politikoari. Ezker abertzaleak esan zezakeen eraso hauek justifikaziorik gabekoak direla, esan zezakeen indarkeria iraganaren parte dela, baina ez dute egin. Berriro ere zoru etikoa urratzen dute, eta haien kontakizuna selektiboa da, beste alderdi batzuena bezala». EAJren ustez, EH Bilduk «joko demokratikoarekin duen konpromisoa» ez da «sinesgarria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.